Azalpena: 

ANITA MARAVILLAS TEATRO taldeak, Euskal Herriko txoko desberdinetatik PINTTO PINTTO lana aurkeztu ondoren, udaberrirako proiektu berria dakar.
Aurkeztutako panpinen eta antzezlanen estetikak izandako harrera ona ikusita, erronka berria dugu. Oraingoan, panpinak kalera atera eta ikuslegoarekin nahastuko dira. ANITA MARAVILLASen panpinen eta estetikaren jarraitzaile sutsuak gara, eta, oraingoan, kostaldeko emakumeen irudi eta presentziari ikusgarritasuna eman nahi diogu.
SAIOAREN DESKRIPAPENA:
Gure helburua animazio ibiltari bat egitea da. Horretarako, kostaldeko emakumeak aukeratu ditugu. Hauek gure historian izan duten garrantzia ikusarazi nahi dugu, eta baita portuetan hain garrantzitsuak izan diren emakume hauei omenaldi xume bat egin ere.
3 panpina erraldoi hauek ( pertsona tamainakoak) bidean topatzen dituzten elementuekin parte hartuko dute, tabernetan, plazetan, portuetan... ikusleekin jolasean arituko dira eta irudi ederrak eskainiko dituzte herriko txoko desberdinetan.
Bestalde, kalejira giroan mugituko dira gure pertsonaiak, beraiekin trikitrixa ta panderodun bi emakume joango baitira, bide osoa girotzen. Gure hiru “andrek”, bihurrikerien artean, dantzan aritzeko aukera ere izango dute eta dantzara aterako dituzte herriko lagunak, erromeriaz goza dezaten.
MUSIKA:
Musikari dagokionez, kantutegi berezia izango dugu. Gure kostako emakumeei egokitutako kantak berreskuratu ditugu, gonak eta oinak dantzan jartzeko.

Eguna eta ordua: 
Ekainak 23, Igandea, 19:30etan
Non: 
Irala kalea. Ikuskizun ibiltaria