Aniztasuna eta bizikidetza Bergaran eta Euskal Herrian. Jatorri desberdinak, herri bakarra

Migrazioaren ondorioz sortutako jatorrien aniztasuna aspaldiko kontua da, bai Bergaran eta baita Euskal Herrian ere. Tradiziozkoa izan dugu Espainiako eta Frantziako herri eta erregio desberdinetako jendea etortzea, eta orain ere badatoz; baina horiez gain gero eta gehiago dira munduko zenbait herrialdetatik datozenak ere, gaur eguneko globalizazio prozesuen ondorio zuzena. Eta begi bistakoa da prozesu horiek badutela gurekin zerikusia.

Gaur egun, fenomeno horren gestioa erronka bihurtu da gure gizartearentzat eta administrazio publikoentzat, baita udal administrazioarentzat ere. Jakin badakigu migrazioen ondorioz ematen den aniztasunak eragina izan duela, eta gaur egun ere baduela, gure herrietako egitura sozialean, bai maila sozio-laboralean eta ekonomikoan, identitatearekin zuzenean lotutako harremanetan, partaidetzaren sentimenduak, kultura edo hizkuntza, eta horietatik eratorri daitezkeen politika mailako ondorio guztiak.

Alkatetza honek, eta gobernu talde honek, hala adierazi zuen legealdi honen hasieran, bere partaidetza elkarrekiko errespetua eta begirunea zabalduko duten politikak bultzatzera bideratu behar dela, herri honetako parte garen pertsona guztien eskubide politikoak, sozialak, ekonomikoak, hizkuntzazkoak eta kulturalak bermatuko dituzten politikak. Azterketa eta parte hartze horien bidez posible egin behar da udalerriko eta Euskal Herriko bizitza politikoan eta sozialean parte-hartze demokratikoa, benetako bizikidetza juxtu eta demokratikoaren oinarri bakar moduan.

Ezin dugu gerorako laga agente desberdinen arteko elkarrizketa bultzatzea; bertan mahai gainean jarri ahal izan ditzagun maila orokorreko eta arlo bakoitzeko bizikidetzaren inguruko ikuspuntu desberdinak. Udalak emango du lehen urratsa, agente desberdinen artean beharrezkoa den elkarrizketa honi ekiteko behar diren gune eta baliabideak eskuratuaz.

Horregatik antolatu du gobernu taldeak Bergaran elkarrizketarako prozesu hau, integratzailea eta parte-hartzailea, agente guztien artekoa eta herritarrekin orokorrean. Migrazio-prozesuen ondorioz Euskal Herriko zein Bergarako errealitate hurbilean dugun bizikidetzaren eta aniztasunaren egoeraren gaineko ikuspuntu desberdinak mahai-gaineratzea da lortu nahi den helburua.

Elkarrizketa prozesu honek -integratzailea eta demokrazia parte-hartzailean oinarritua- ondorengo helburuak ditu:

1. Lehen urrats moduan, hausnartzeko, elkartzeko eta elkarrizketak izateko gunea sortzea Udalaren eta agente sozialen artean, elkar ezagutu eta aintzakotzat hartzeko aukerak zabalduaz. Hausnarketarako gunea, Bergaran zein Euskal Herri mailan bizikidetzaren eta aniztasunaren inguruko ikuspuntuek eta bizipen desberdinek aukera berdinak izan ditzaten. Eta errealitate hau aztertuko dugu, ez bakarrik modu orokorrean, baita elkarbizitzarako oinarrizko diren bestelako arlo bakoitzean ere:

  • Euskara, jatorrizko hizkuntzak, heziketa eta kultura(k).
  • Sozio-ekonomia eta laneko harremanak.
  • Nazioartekotasuna, elkarrekiko lankidetza eta Euskal Herriak eta bizi deneko udalerriak atzerritarren jatorrizko herriekin duten hartu-emana.
  • Eskubide zibilak eta politikoak.
  • Euren eragina kontuan izanda, lau arlo hauetako bakoitzean zeharkako modu batean kontuan hartuko dira generoaren eta gazteriaren gaiak ere.

2. Lortu nahi den beste helburuetako bat da denon artean antzematea gai honek Bergarako eta Euskal Herriko bizikidetzan izan dituen, eta dituen, puntu gatazkatsuak, aberasgarriak, aukerak eta mugak. Eta horiek antzemateak bidea erraztu behar digu konpromiso sozialak eta instituzionalak sortzeko oinarriak ezartzeko eta etorkizunerako partaidetzarako lerroak ezartzeko.

3. Eta azkenik, baldintza egokiak sortzea, aniztasunarekiko begirunea baliabide bat izan dadin Bergarako zein Euskal herriko bizikidetza hobetzeko. Beti ere, bere historian oinarrituta eta protagonistek zuzenean bizi duten errealitate partikular eta espezifikoa kontuan hartuta.

Azken finean, bertan, Bergaran, parte hartu dezaten eta inplikatu daitezen nahi dugu, bai bertakopertsona eta agente sozialak bai beste jatorri batzuetako pertsonak eta hauen kolektiboak, zuzenean.

Aipatu den moduan, elkarrizketa-prozesu hau irekia eta parte-hartzailea da, ez baztertzailea, eta Bergarako biztanleez gain bertako agenteak eta jatorri desberdineko pertsonak eta kolektiboak ere ekimen honetan sartzea eta parte hartzea nahi badugu, pentsatzen dugu pertsonak eurak zuzenean hartu behar dutela parte, denek aukera berdinekin.

Horretarako, Udalaren ekimen honen dinamizazioa Bergarako Udalak eramango du, Anitzak-en elkarlanarekin.

Sareak eraikitzeko lehen urrats moduan, Bergarako agente sozial desberdinekin konpartituko ditugu prozesu honetako helburuak eta arloka elkartzeko eta elkarrizketak izateko gunean sortzeko modu desberdinak, euren ikuspuntua mahai gaineratu nahi duten agente guztien partaidetzarekin.

Lehen zita hori martxoaren 17an, arratsaldeko 7etan izango da, eta bertan izatera eta proiektuan parte hartzera gonbidatzen ditugu Bergarako agente sozial guztiak.

Prozesu honek bizipenak, ikuspuntuak... aurkezteko, aztertzeko, horien inguruan hausnartzeko berezko guneak izango ditu; eta, aldi berean, prozesu dinamikoa izango da, eta ziur gaude Bergarako agente sozial eta pertsona desberdinekin osatutako talde dinamizatzaile bat sortzeko pertsonak batuko ditugula.

Era berean, eta dinamika honen barruan, bizikidetzaren eta aniztasunaren gaineko azterketa bat egingo da, kuantitatiboa zein kualitatiboa, ordezkari moduan jatorri desberdinetako pertsonak eta bertakoak hartuta. Azterketa hori lan-tresna izango da sareak eraikitzeko ondorengo elkarrizketetan. Azterketa horrek inoiz ez die baliorik kenduko edo ezkutatuko kolektiboek eta herritarrek emandako informazioei eta aportazioei, elkarrizketa bultzatzeko lan-tresna izango baita.

Eta apirilean hurrengo fasea irekiko da, eta orduan kolektibo horiek guztiek eta Udalak herritar guztiei aurkeztuko diete ekimen hau, elkarrizketarako eta hausnarketetarako sortuko diren gune desberdinetan parte hartzera animatuaz.

EranskinaTamaina
Office spreadsheet icon Biztanleria datuak 1144.5 KB
Office spreadsheet icon Biztanleria datuak 253 KB