AUZOETAKO JAIAK 2024

OTSAILAK 3 eta 5: SAN BLAS JAIAK 2024

BERGARAN, BURUÑAO Auzoan

LARUNBATA 3 - SAN BLAS EGUNA

GOIZEAN
  •  8:00 etan: TXAFLERO JAURTIKETA 
  • 11:00 etan: MEZA NAGUSIA eta OPIL  BEDEINKAKETA.
  • Ondoren: Auzo elkartean nahi duenak salda eta txorizoa hartzeko aukera izango du
  • 12:00etan:MOISES ASPIAZU DANTZA TALDEaren ekitaldia
  • Jarraian: Haurrentzat KUKAINAK.  
ARRATSALDEAN:
 
4etan: MUS TXAPELKETA, XXXIV SAN BLAS SARIA ( 8 erregetara).
      SARIAK: 
             1º Garaikurrak eta inskripzioko%50rra .
             2º Inkripzioko %30rra. 
             3º Inkripzioko %20a
             4º Sari berezia. 
 
GAUEAN
             
Auzo afaria . Izen ematea 15:30etan hasiko da eta bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu.
 
ASTELEHENA 5 - SANTA AGEDA EGUNA
 
ARRATSALDEKO 7retan:Aspaldiko usadioak agintzen duen bezala SAN BLAS ERMITAKO   ermandadeko kideen 
bilkura.
 
Jai batzordeak ez du bere gain hartuko jaiegun honetan gerta daitezkeen  kalteen erantzukizunik. 
 
 

   ................................................................... 

Ospakizunetan ere Bergaran tradizioak eta modernitateak bat egiten dute: galdutako elementuak berreskuratu, berriak txertatu, ekimen berritzaileak abiatu... horrela mantendu ditu bizirik garai bateko jaiak Bergarak.

Bizi biziak eta oso maitatuak.

Bestalde, hiri kutsua izan arren, edo izanagatik, ganadu feria nabariak ospatzen dira gurean. Hala nola Elosukoa edo Erramu Zapatukoa. Gainera, berrikuntzen artean, sukaldaritza tradizionalak (gozogintzak) behar duen tokia ematen jakin du Bergarak.

Aratusteak

Hartzaren desfileak ematen dio hasiera iñauteriari ostegunean, berreskuratutako tradizioa. Gero, ostiralarekin, haurrak ateratzen diran kalejiran. Gauean Bergarako Musika bandaren eta Bergarako Orkestra Sinfonikoaren txanda dugu. Zapatua koadrilen eguna da, haiek hartzen dute eta kalea euren mozorroekin. Asteartean ere ekimen ugari izaten dira, batez ere umeendako. Sorgin-dantza da berreskuratutako beste ekimen bat, nonbait Bergaran jatorri zuen dantza da gainera. Pellak dira egun hauetako postrea.

Erramu Zapatu

Erramu-egunaren bezperan, zapatuan, Bergarako udalak abeltzaintza eta nekazaritzako produktuen salmena antolatzen du. Herriko plazan bertan.
Feriaren aurreko gauean, bertso-saioa izaten da.
Bergarako jai kutunetakoa da honako hau.

Pentekoste jaiak

 

Sasoi erlijioso baten izena izanagatik, herriko pertsonai bat dugu protagonista nagusia: Bitorianatxo. Bera azaldu eta jaia hasi; bera joan eta jaia amaitu. Tartean, dantza askatuko txapelketa, pilota partidak, elkarteen arteko bakailao lehiaketa, erraldoien konpartsak, txirrindularitza, margo lehiaketa... Musika, erromeriak eta Bergarako Musika Bandaren eta Txistularien kontzertua ahastu gabe.

San Martzial

Herrikoiena eta herritarra. Ederra da oso San Martzial eguna Bergaran. Eguerdiko aurresku eta gero, familiaka edo koadrileka bergararrok bazkaltzera igotzen dira San Martzialera. Orduko txupinazoa entzunda, koadrilak oinez jaisten dira herrira, txistularien, trikitilarien eta txarangaren doinuekin dantzan.

San Roke, Bergarako patroia

Herritar askorentzat ezezaguna den arren, San Roke da Bergarako bi patroietako bat. Bestea, guztiontzat ezaguna dena, San Martin Agirre da.

San Roke XIV. mendearen erdi alderan jaio zen Montpelierren (Frantzia) familia aberats batean. Seme bakarra zen eta 20 urterekin umezurtz geratu zen. Orduan, bere ondasunak saldu eta Erromara abiatu zen erromes. Garai hartan Europa Izurri beltzak astindu zuen eta San Roke bere erromesaldian gaisoak sendatzen ahalegindu zen, bere medikuntzako jakintzak praktikan jarriaz.  Horren ondorioz, mundu osoan gurtu izan den santuetako bat da.

1507an izendatu zuen orduko udal gobernuak San Roke herriko zaindari, “hainbat aldiz herritarrak izurritearen gaitz kutsakorretik babestearren”. Urte horretan bertan sortu zen San Pedro parrokian San Sebastian eta San Rokeren Kofradia eta inguru horretan baita Santa Marina parrokian ere.

Kofradia horiek elkartasun helburu argia zuten, Juan Madariaga historialariak Historia social de Bergara en su época preindustrial liburuan (Bergarako Udala, 1991) adierazten duenez:  “Kofradia hau sortu zen, bereziki, izurriteen ondorioz, guraso eta seme-alabak beren gertukoei lur emateko prest ez zeudenean, enterrarioetan laguntzeko. Kofradia-kideek horretarako obligazioa hartzen zuten, bereziki, heriotza asko gertatzen zenean”.  

Izan ere, Madariagak dioenez, izurritea zen garaiko gizarteko gaitz nagusia, “gerra eta gosea baino kontrolatzen zailagoa”.  

Egoera horretan, kofradiak konpromisoa hartzen zuen kideren bat lan horietan jardutearen ondorioz gaisotuz gero, ahalik eta osagilerik onenak (“físicos doctos”) jartzeko eta, hilez gero, ahalik eta abarrotsik txikienarekin hilobiratzeko. Hildakoa pobrea bazen, gainera, kofradiak berak hartzen zituen bere gain, hileta gastuak baina ez, ostera, ondasunik bazuen.

Santa Marina parrokian San Sebastiani eta San Rokeri eskainitako erretaula dago eta badira edo izan dira San Rokeren irudiak San Prudentzioko elizan eta Areskurenetako San Martin ermitan ere. (Imanol Sorondo, “Las 38 ermitas de Bergara”).

1758ko maiatzaren 29an, garaiko udalbatzak San Martin Agirre izendatu zuen zaindarikide, San Rokerekin (“patroi loriatsu eta babesle miresgarriarekin”) batera.

Aspaldian ez da Bergaran San Rokeri eskainitako zaindari-jairik ospatzen baina bere garaian handikiro ospatu izan ziren. Adibidez, XVIII. mendeko udal-aktetan, sarri aipatzen dira abuztuaren 16an Ariznoako plazan izaten ziren zezen-korridak edo prozesio, meza nagusi eta abarrak.

Udal artxiboko agirietan jasota dagoenez, joan zen mendeko 60ko hamarraldian ere artean irauten zuen prozesio batek, hiru egunez San Rokeren imajina alkatearen etxera eramaten zuenak.

Gaur egun, Abuztuak 16ean jai berezirik egon ez arren, udako ekintzen barruan beti antolatzen dira ekintza bereziak eguna gogoratu nahian.
 

San Martin

Santua dugu Martin Agirre bergararra. Haren omenezko eguna irailaren 16an ospatzen bada ere, San Martin eguneko aurreko zapatuan oso feria ospetsua izaten dugu Bergaran. Eskualdeko barazki, fruitu, gazta eta loreen lehiaketarekin batera, haur eta helduen danborradek zein suzko erruberek egiten dute eguna berezi eta ikusgarri.