Jaiotza: 
1 653
Heriotza: 
1 672

Jaunaren mirabea, Napoliko erresumako frantziskotar oinutsen San Pedro Alcantarako kustodiako lehen kimua izan zen. Bergaran jaio zen 1653ko abuztuaren 13an, eta Ignazio jarri zioten izena. Pedro Irala eta Maria Aumategi izan zituen gurasoak. Itsas armadako kapitain jeneral batek 12-14 urte bitarteko lau euskaldun eskatu zituen Napolitik, morroi lanetan aritzeko, eta haietako bat gure bergarar gaztea izan zen. Euskal Herritik Madrilerako bidean gaztelaniaz hitz egiten ikasi zuen, eta Bartzelonara iristerako bazekien katalanez ere. Mutil argia zen. Napolin, bere apaltasun handiagatik nabarmendu zen. Inoiz ez zen lanarengatik kexatzen. Egiten zuen guztia, espirituz edo gorputzez, Andre Mariaren gloriari eskaintzen zion.

Mundutik erretiratu eta Napoliko frantziskotar oinutsen komentuan sartu zen, frai Jose de Jesus y Maria izenaz. Komentukoek asko maite zuten bere dohain ugarien ondorioz: gogoz ikasten zuen eta liluratuta zeuzkan denak, aurrerapen izugarriak lortzen zituelako. Gonbitoka eta eztulka hasi eta odola botatzen zuenez, Grumoko Santa Katalinaren komentura eraman zuten, Napolitik sei miliara. Hango apaizek, gaixorik zegoela ikusita, aingeruak bezain garbia zen serafin hura artean bere altzora ez eramateko eskatu zioten Jaunari. Iralaren gaixotasuna larriagotu egin zen, ordea, eta "Misericordias Domini in eternum cantabo, Gloria Patri et Filio" esan ondoren, 1672an hil zen, 19 urte zituela. Bedeinkatua izan zen bere bizitza osoan, ez baitzuen inoiz bekatu larririk egin.

Oharra: Argazkian azaltzen den jaiotza data ez da zuzena.