Asteleheneko osoko bilkuran 2030 urtera arteko Jarduera Fisikoa eta Kirolaren arloko Plan Estrategikoa onartu du Bergarako Udalak, herriko jarduera fisikoa eta kirolaren arloko ibilbide orria ezarriko duen dokumentua. Plan hau aurreko bi plan estrategikoen jarraipena da, baina berritasun ugari dakartza egungo testuinguruari erantzuteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Plana egiteko prozesua partehartzailea martxan jarri da eta bergararren eta eragile ugariren ekarpenak bildu ditu. Guztira, 60 pertsona inguruk hartu dute parte partaidetza saioetan, besteak beste, udal teknikariak, kirol elkarteetako ordezkariak, eskola kiroleko arduradunak, Agorrosingo erabiltzaileak, Bergarako Osasun Zentroko profesionalak eta herritarrak, oro har.

Planaren helburu nagusia da jarduera fisikoa eta kirola Bergarako herritarren osasun eta ongizatearen aldeko tresna eraginkorra bihurtzea. Horretarako, ikuspegi transbertsala proposatu da, eta hainbat balio zehatz integratu ditu: jasangarritasun ekonomiko, ekologiko eta soziala, genero ikuspegia, intersekzionalitatea, euskararen erabilera eta udal sailen arteko lankidetza.

Bost ardatz estrategiko, 25 ekintza zehatz
Plana bost ardatz tematikotan egituratuta dago, bakoitza erronka eta behar jakin batzuei erantzuteko:
1. Kudeaketa eta kirol-zerbitzua:
Kirol jardueren oinarrizko eskaintza definitzea, tasen egokitzapen irizpideak berrikustea, eta herritarren iniziatibak sustatzeko egitura egonkortzea dira helburu nagusiak. Gainera, kirol arloko langileen egonkortasuna eta formakuntza lantzea aurreikusten da.
2. Kirol-ekipamenduak:
Instalazioen irisgarritasuna hobetzea, espazioen mantenua planifikatzea eta ingurune urbano eta naturalak jarduera fisikorako egokitzea dira lehentasunak. Agorrosingo futbol zelaiaren eta gimnasioaren erabilera baldintzak ere aztertuko dira ikuspegi inklusibo batetik.
3. Eskola kirola:
Haur eta gazteentzako espazio estali berriak sortzeko beharra jasotzen da, eta hezkidetzan, indarkeriaren prebentzioan eta gurasoen inplikazioan sakondu nahi da. Gainera, eskola kiroletik federatutako kirolera igarotzeko trantsizioak errazteko neurriak aurreikusi dira.
4. Kirol federatua:
Kluben arteko eta Udalarekiko koordinazioa sendotzea eta emakume entrenatzaileen kopurua handitzea dira lerro estrategikoetako batzuk. Entrenamendurako eta lehiaketarako azpiegitura berriak eraikitzea ere jasotzen da.
5. Partaidetzako kirola:
Helburu nagusia da adin, genero eta jatorri desberdinetako herritar guztiek jarduera fisikoa egiteko aukera izatea. Bereziki, adinekoentzat, emakumeentzat eta migratzaileentzat jarduera espezifikoak diseinatuko dira. Gainera, Osasun Sarearekin lankidetza areagotuko da, Kirol Orientazio Zerbitzua indartzeko.

Plana ez da dokumentu estatiko bat izango, izan ere, ekintza bakoitzerako jarraipen adierazleak zehaztuta daude, eta urte bakoitzean betetze mailaren inguruko ebaluazioa egingo da. Horrela, planaren eraginkortasuna neurtu ahal izango da eta beharrezko doikuntzak egin.

Bergarako Udalaren 2023-2027 legegintzaldi planarekin bat eginez, dokumentu honek "Bergara aktibo bat" eraikitzeko pauso estrategikoa dakar. Udal gobernuak adierazi duenez, "kirol politika publikoen berrikuntza eta herritarren bizi kalitatea hobetzea dira plan honen muina, eta horretarako, komunitate osoaren lankidetza eta konpromisoa funtsezkoak izango dira”.