Enviado por Bergarako Udala en Mié, 2024-07-03 08:27
Legegintzaldia hasi zenetik eta urtebetera balorazio positiboa egin du Bergarako Udaleko gobernu taldeak, “aldaketatik eraldaketarako” plangintza osatuz eta “eguneroko arazoetaz ahaztu barik eta proposamen berriei helduz”. Gorka Artola alkatearen hitzetan, “lehen urte hau plangintza estrategikoaren lekuko izan da, funtsezko erronkak identifikatuz eta Bergara inklusiboagoa, iraunkorragoa eta dinamikoagoa izateko oinarriak ezarriz”.
Zentzu horretan, gobernu taldearen “sendotasuna” nabarmendu du Artolak, aurreko legegintzalditik datozen zinegotzien esperientzia eta legegintzaldi honetan gehitu direnen ilusioa partekatuz: “Herrigintza modu partehartzailean ulertzen dugu gobernu talde honetan, eta eredu hori kalera atera nahi dugu, elkarte, eragile eta bergararrekin harreman zuzena izaten saiatuz. Lehen legegintzaldian Bergara hobe baten aldeko oinarriak jarri genituen, eta orain jauzia emateko garaia da, aldaketatik eraldaketara igaroz”.
Plangintzatik eraldaketara
Legegintzaldi honetako lemak, ‘aldaketatik eraldaketara’, gobernu taldeak hasierako aldaketetatik haratago joateko eta benetako eraldaketan sakontzeko duen erabakitasuna islatzen du. Administrazio honek etorkizun hobea kolektiboki irudikatzean jarri du arreta, lan komunitarioa nabarmenduz.
Bost lan-ildo nagusi
· Arnasguneak: Lasaitasuna, elkar ezagutzea, feminismoa, alaitasuna, euskara eta ongizatea sustatzen dituzten guneak sortzera bideratutako esparrua da. Horren adibide da aurrera doan Arrizuriaga jauregiaren obra. Zentzu horretan, Udaleko arduradunek aipatu dute Arrizuriagako obra aurrera doala eta kultur zein sormen eremua izango den proiektuaren diseinuarekin lanean ari direla jada. Feminismoak herriari egindako ekarpena haintzat hartuz Emakumeen txokoa ere bertan kokatuko da eta txokoa diseinatzeko prozesua jada martxan da.
· Euskara: Euskararen erabilera aktibatu eta sustatzeko asmoz, Bergaran Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria amaitzen ari da, euskal komunitate aktiboago eta konprometituago baten aldeko apustua eginez. Besteak beste, Bergarako enpresetan euskara sustatzeko ‘Harixa’ ekimenak oso emaitza onak lortu ditu, eta dagoeneko Debagoiena mailara eredua zabaltzeko erabakia hartu da.
· Zaintza eta bakardadea: Zaintza sistema duina eta berdintasunezkoa ezartzeko urratsak ematen jarraitzen du Udalak. Besteak beste, Bergarako Zaintza Plana martxan da, funtsezkoa baita zaintza ekosistema eraikitzeko prozesuan. Gainera, pertsonak erdigunean jartzeak duen garrantziaz jabetuta, Adinekoen kontseilua egonkortzeko pausoak eman dira, baita Berdintasun kontseilua ere eta Haurren kontseilua eratzea izango da hurrengo pausoa.
· Etxebizitza: Etxebizitza eskuratzea lehentasuna da, bereziki gazteentzat eta pertsona kalteberentzat. Datozen lau urteetan etxebizitza eskuratzeko aukerak handitzeko konpromisoa hartu du gobernuak.
· Alde zaharra eta merkataritza: Alde zaharra zaharberritzea funtsezkoa da. Plaza eta Barrenkale kaleetan eraberritzeak egingo dira, eta hutsik dauden lokalak biziberritzeko neurriak hartuko dira, urbanizazio-plan orokorra berritzeari arreta berezia eskainiz. Zentzu horretan, urbanizazio lan horiek gauzatzeko barne lanean aritu da Udala, eta hurrengo asteetan hainbat aurrerapauso eman ahalko dira norabide horretan.
Etorkizunerako funtsezko inbertsioak
Aurten, 6.416.000 euroko inbertsio plan bat zehaztu da, legegintzaldiko helburuak lortzeko. Inbertsio nabarmenen artean daude:
· 395.000 euro, udal-zerbitzuek datorren urtean izango dituzten espazio-beharretarako.
· 4.600.000 euro hainbat urbanizaziotan (Martokoa, Barrenkale eta San Martin plaza) datozen lau urteetan.
· 895.000 euro Arrizuriaga, kultura eta feminismoaren arnas zentro berria, eraberritzeko.
· 500.000 euro Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko.
Proiektu estrategikoak eta jasangarritasuna
Bergarako Udalak onartu berri duen Klimaren eta Energiaren Planak aurrera egiten du energia berriztagarrien inplementazioan eta beroaldiei aurre egiteko planean. Aurten bidegorriaren 3. fasea burutuko da, mugikortasun iraunkorra hobetuz.
Berrikuntza elikagaien eta kirolaren sektorean
Oxirondo azokan kokatuko den 'Elikaenea' proiektuak irailean irekiko ditu ateak, tokiko ekonomia eta Azokaren dinamika indartuz, tokiko elikadura eta sukaldaritza ardatz hartuta.
Kirol arloan, Ipintza eta Agorrosin kirol guneko makineria berritzeko obrak esleitu dira.
Konpromisoa auzoekin eta herritarren parte-hartzea
Gobernua Auzo Batzordeen dinamika eraldatzen ari da, gai estrategikoak eta eguneroko beharrak jorratuz eta baserrietarako bideak konpontzeko plana osatuz. Herritarren parte-hartzea sustatu nahi da Berdintasun Kontseilua, Adinekoena eta etorkizuneko Haur Kontseilua sortuz eta belaunaldi guztien ahotsak bilduz.
Artola alkatearen esanetan, “bide oparoa daukagu datozen hiru urteetarako, baina bide hori bergararrekin batera egin nahi dugu. Proiektu handi eta txiki asko ditugu esku artean, eta horiek gauzatzen saiatuko gara datozen hilabete eta urteetan. Helburua argia da: denontzako Bergara hobe bat eraikitzea”.