Bakardadea da gaur egungo gizartean dugun gaitz handienetako bat; eta askotan areagotu egiten da hirugarren adinaren kasuan. Horrek eragin dezake babesgabetasuna, arriskua, eta zaurgarritasuna, besteak beste.

Bakarrik bizi izatea eta bakardadea bereizi daitezkeen kontzeptuak dira: bakardadeaz hitz egiten denean sentimentu batez hitz egiten da, bakoitza nola sentitzen den.

Bakardadea adin guztietan ematen da, baina adina aurrera joan ahala bakardade handiagoa ematen da. Bergaran 65 urtetik gorako 1.480 pertsona bakarrik erroldatuta daude; hau da, 65 urtetik gorako pertsonen %42 (emakumeak %63,98 eta gizonezkoak %36,01).

Esaterako, La Caixak egindako ikerketa batek dio Estatuan 65 urtetik gorako pertsonen %39,8k bakardade emozionala bizi duela.

Bakardadeak eragin zuzena du pertsonen osasunean eta bizi kalitatean; eta horren ondorioz osasun arazoak eman ahal dira:

-Depresioa areagotzea.

-Gehiegizko alkohol kontsumoa ematea.

-Bihotz eta zirkulazio gaixotasunen kontrol txikiagoa.

-Hezurrekin erlazionatutako gaixotasunak, artritisa esaterako.

-Etxean istripuak izateko arriskua areagotu eta laguntza garaiz jasotzeko aukerak txikitu.

Hala, guzti honek bizi kalitatean eragina du eta heriotz goiztiarra izateko arriskua handiagoa da.

Guztion artean arazo hori saihestu, horren gainean fokoa jarri eta gizartean sentsibilizazioa sustatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Udalak.

Lau ekimen berri

1. ‘Lagunkoi’ egitasmoaren barruan eta Matia Fundazioarekin elkarlanean ‘Nire lagun’ postala ekimena ekarriko da Bergarara. Hainbat puntutan (Udaletxea, Liburutegia, Boni Laskurain, Osasun zentroa, Agorrosin eta Labegaraieta) postontziak izango dira, idazteko postalak eta bakardadeari buruzko informazioa. Urtarrilaren 7ra arte egongo dira eskuragarri; eta jasotako postalekin lanketa egingo da Matia Fundazioan. Postalak erabili ahal izango dira norberak hartu eta nahi duenari idazteko; edo baita ere horri buruz idatzi eta postontzi horretan sartzeko.

2. Abenduaren 9an, astelehena, Teleasistentziari buruzko hitzaldia egingo da Boni Laskurain gizarte etxean 18:30ean.

3. Abenduaren 16an, astelehena, 3. adineko bakardadeari buruzko hitzaldia egingo da Irizar jauregian, 19:00etan.

4. Bakardadeari buruzko argazki erakusketa. Aroztegin. Urtarrilaren 7tik otsailaren 2ra.

Eta behin horiek gauzatuta Udalaren asmoa da bakardadean dauden eta sentitzen diren pertsonak detektatzeko gizartea inplikatzea eta hala Udaleko Gizarte Zerbitzuetara bideratzea behar duten laguntza guztia eskaintzeko.

Aurretik landutakoak

Bestalde, orain arte Udaleko Gizarte Zerbitzuek bost urte daramatzate suteak ekiditu eta gizarte premiak antzemateko programarekin. Programa hori zuzenduta dago 80 urte baino gehiago izanda bakarrik edo 65 urtetik gorako beste batekin bizi direnei.

Programa honen bitartez pertsona nagusiak bizi diren etxeetan egon daitezkeen sute arriskuak ekiditen dira eta sutea gertatuz gero kalteak txikitzeko aurrelana egiten da. Era berean, bisitak egiterakoan baloratzen da pertsona horiek gizarte zerbitzuen laguntza edo premiarik ba ote duten.

2019an ke-detektagailuen mantenu zerbitzua 558 etxetan egin da, eta 2019an 601 etxebizitza erabiltzaile daude.

Departamento: