Miguel Angel Elkoroberezibar ikertzaileak artista bergararraren bizitza, obra eta eragina bildu ditu Miguel Okina 1924-2021. Artea etxeetara iritsi zenekoa liburuan.

Miguel Okina, 4.000 lanen egilea, artistaren duintasunaren eta profesionalizazioaren bultzatzaile izan zen, artearen zabalkundearen eta normalizazioaren sustatzaile.

 

Liburuaren aurkezpena

Lekua

Bergarako Udaleko pleno aretoa

Eguna

Larunbata, 2025eko irailaren 20a

Ordua

13:00

Partehartzaileak

Miguel Angel Elkoroberezibar, ikertzailea eta liburuaren egilea

Xabier Agirre, BEART Bergarako Artiesten Elkarteko eta Miguel Okinaren jaiotzaren mendeurreneko batzordeko kidea.

Gorka Artola, Bergarako alkatea

Kolaborazioa

Alai Berri Taldea otxotrearen emanaldia

 

---------

Informazio gehiago: Miguel Angel Elkoroberezibar (606526810 - maelkoro@gmail.com)

Miguel Okina (Bergara, 1924 - 2021)

Lau mila margolan baino gehiago sinatu zituen Miguel Okinak. Genero guztiak menderatzen zituen. Estilo errealista eta inpresionistari leial (postinpresionismoa eta espresionismoa ere landu zituen), Okina bere marrazki eta konposizio apartagatik, kolorearen erabileragatik eta argiaren tratamenduagatik nabarmentzen da. Pintura kementsua da berea, baina aldi berean delikatua, gogoeta sendoaren emaitza, trebetasun teknikoa eta moldakortasuna agerian dituena. Deigarria da erretratatuetako pertsonak interpretatzeko eta nortasun azterketa egiteko gaitasuna, eta ahaztutako pertsonaiak berreskuratzeko bere ahalegina. Ez zen margolari konformista izan, eta beldurrik gabe arriskatu zuen; koherentea izan zen beti bere pintatzeko moduarekin.

Okina xumea eta apala zen, marrazteko erabiltzen zuen ikatz-ziria bezalakoa, beti lagunez inguratuta. Jantzia, irakurle handia eta musikazalea; mendizalea eta bidaiaria (Kanarietatik Galiziaraino, Marokon eta Europako hainbat lekutan margotu zuen); Madrilen, Bartzelonan eta Parisen egin zituen egonaldiak erabakiorrak izan ziren bere ibilbide artistikoan. Okinak bazuen dohain bat, eta bizitza osoan landu zuen; konstantea zen bere lanean, eta hortik bizi ahal izan zen. Ibilbide oparoa izan zuen Okinak, hirurogeita hamar urtetik gora pinturari emana, ia laurogeita hamar urterekin bere azken koadroa egin zuen arte.

50eko hamarkadako Parisko egonaldiak begiak ireki arazi zizkion Miguel Okinari. Ordura arteko zorroztasun formala leuntzen hasi zen, eta esperimentazioarekin jarraitu zuen, pintzela askatuz.  Edonola ere, Okinak 70eko hamarkadara arte errealismoari lotuta segituko du hein handi batean. Ordutik aurrera, errealitate objektibotik abiatuta, errealitate hori neurri batean eraldatzen ahaleginduko da obra askotan, interpretatzen.

Bergarako pintoreen artean paleta piztu egin zuen, kolorea sartu zuen. Aurretik ikusi ez zen argitasuna eman zion Miguelek bere paletari, bizitasun kromatiko handiagoa, eta horrek Bergarako pintore gazteen artean kolore-askatasun handiagoa sortzen lagundu zuen. Era berean, marrazkiaren garrantzia defenditu zuen beti. Doako marrazketa-eskolen Bergarako tradizioaren jarraitzaile sutsua izan zen, 1774an Bergarako Seminarioak lehenengoa sortu zueneko asmoari jarraituz. Marrazketa maisua ere izan zen Okina 50eko hamarkadatik aurrera, gazteei marrazkiak egiten eta interpretatzen erakutsiz, hizkuntza grafikoa landuz.

Miguel bezalako pertsonei esker, Bergaran pintura zabaldu egin zen, eta Bergara pintura-leku gisa aipatzen hasi zen. 60ko hamarkadan artistak ugaritu egin ziren herrian eta artea kalera ateratzeaz gain, etxeetara ere iritsi zen. Horretarako, garaiko eraldaketa ekonomikoa eta soziala erabakiorrak izan ziren. Artea eta artistak gure paisaiaren parte bihurtu ziren, eta herriko pintoreen artelanak etxeko paretetan zintzilikatzen hasi ziren.