Enviado por Bergarako Udala en Lun, 2024-11-25 08:57
Lehiaketa euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako gazteei zuzenduta dago eta inoizko parte-hartze handiena izan du. Guztira, 260 sormen lan jaso dira, 2023an baino 148 gehiago. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 28an izango da 18:00etatik aurrera Bergarako Seminarixoan, eta, besteak beste, Bergarako Udalak bi sari eskainiko ditu.
Lehiaketak hiru kategoria ditu adinaren arabera (LH 5-6; DBH 1-2; eta DBH 3-4) eta 6 sari banatuko dira, guztira 2.500€. Publikoaren saria erabakitzeko 4.200 bozka baino gehiago jaso dira.
Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko.
Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. 2024ko edizioan 260 lan jaso dira, aurreko edizioan baino 148 gehiago. Publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 4.200 bozka baino gehiagorekin itxi da.
Inoizko parte-hartze handiena
EAEko eta Nafarroako 40 udalerrik izan dute ordezkaritza hiru kategoria ezberdinetan. Bakoitzean, parte hartzaileek, erronka bati egin behar izan diote aurre. LH 5. eta 6. mailako ikasleek beren herriko txoko kutunenerako bidea erakutsi behar izan dute.
Arnasguneetako gazteek 260 bideo aurkeztu dituzte Arnasetik bideosormen lehiaketan DBH 1. eta 2. mailetako ikasleek beren herrietako urteko egunik berezienerako nola prestatzen diren erakutsi behar izan dute. DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek, berriz, kazetari lanak egin eta kalean zehar jendeari galdetu behar izan diote herriko zein beste pertsonaren azalean jarriko liratekeen.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 28an
Azaroaren 28an, Bergarako Seminarixoan hirugarren edizioaren sari banaketa izango da. Esti Curielek eta Amaia Ruiz de Galarretak aurkeztuko duten ekitaldia arratsaldeko seietan hasiko da eta amaieran lunch-a eskainiko da. Guztira, 6 sari banatuko dira. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak, 500 euroko saria izango du (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatuko da, bozketa bidez hautatua. Bergarako Udalak, gainera, herriko lanik onenak saritu nahi izan ditu, eta 250€ko sari bana emango die herriko bideo irabazleei. Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak izango dira.
Arnasa Gara proiektua eta arnasguneak
Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta xedetzat du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.
Eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, eskualdea, harana…) dira arnasguneak. Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko arau sozialak du indarra.
Kasu honetan, Arnasetik lehiaketak arnasguneetako gazteengan jarri nahi du arreta, haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa eragiteko. Horregatik, Arnasetik lehiaketa arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago (LH 5-6 eta DBH 1-2-3-4ko ikasleak). Egia da, arnasgune asko udalerri txikiak direla, eta maiz, ikasle askok udalerri handiagoetara jo behar izaten dutela ikasketekin jarraitzeko.
Horregatik, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxek ere parte hartu dute, batez ere eskualde-buruetako ikastetxeek. Arnasguneentzat garrantzitsuak dira ere eskualde-buruak, udalerri hauetan arreta berezia jartzea ezinbestekoa baita euskarak duen nagusitasuna bermatzeko.