Gertuko historia ezagutzeko, memoria berreskuratzeko, eta protagonistei aitortza egiteko hainbat lan egitea jasota du Bergarako Udalak 'Bergara izan, bizi, ekin' legealdirako planean. “Gertuko historiako protagonisten ahotik jaso nahi dugu gainera gertatutakoa, horrek aberasten baitu historia, une honetan horretarako aukera badugu oraindik, eta gainera, bizipenak ez daude liburuetan jasota”, esan du Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik.

Euskararen Historia Soziala berreskuratzea ere propio jasota dago bertan. Hasita dago jada lan horrekin, eta oraingo egitasmoarekin urrats berria egingo da. Helburua da Gerra ostetik trantsiziora, 1980ra, euskarari eusteko eta biziberritzeko egin den lanaren testigantza jasotzea, ezagutzera ematea eta protagonistei aitortza egitea.

Herritarrei eskaria egin zaie lan horretan laguntzeko, udal artxiboaren arduradun Arantzazu Oregik azaldu duenez. “Herritarrei eskatzen zaie adierazitako epean (Gerraostetik 1980ra) euskara bultzatzeko egindako lanarekin lotutako materialik badute, horien berri Udaleko artxiboan ematea”. Materiala itzuli egingo litzateke. Era berean, eskertuko litzateke, halaber, gaiaren gaineko edozein informazio ematea ere.

Badihardugurekin lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatzen ari da Udala lana. Bergarako Udala eta Badihardugu 2003tik dabiltza elkarlanean, herriko ahozko ondarea jasotzeko lanetan. “Egitasmo honekin lankidetza horri jarraipena eman nahi izan zaio garrantzi berezia duen gai baten inguruan. Kasu honetan diktadura garaian eta debekupean euskara sustatzeko herrian egindako lana dugu aztergai eta horretarako iruditu zaigu egokiena protagonisten ahotik jasotzea dela, aurretik esan dudan moduan”, Aranberriren hitzetan.

Lan-mahai bat osatu zen lan honetarako, euskalgintza, norbanako batzuk eta Udaleko ordezkariek osatutakoa.

Euskararen gaian eta euskalgintzan esperientzia handia duten Juan Martin Elexpuruk, Anaje Narbaizak, Jerardo Elortzak eta Jaione Isazelaiak parte hartzen dute boluntario gisa. Bestetik, Badihardugu euskara elkartetik Aintzane Agirrebeñak eta Idoia Etxeberriak. Udaleko ordezkari gisa Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik, Aranzazu Oregi udal artxiboko arduradunak eta Estepan Plazaola euskara zerbitzuburuak.

Orain arte egin den lanaren berri eman du Badiharduguko kide Idoia Etxberriak. Hainbat arlotan euskara sustatzeko egin den lana jaso da: hezkuntza, euskalduntze-alfabetatzea, kultur arloak (antzerkia, bertsolaritza, kantagintza, dantza…) eta abar. Arlo horietan protagonista izandako jendea elkarrizketatu da eta elkarrizketa horiek (guztira 24 elkarrizketa eta 26 elkarrizketatu) ikusgai jarri dira ahotsak.eus webgunean. Aldi berean, zenbait material ere jaso da: kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak… Horien kopia digitalizatuak egin nahi dira.

2022. urtean egingo den lanaren berri eman du Estepan Plazaola Euskara zerbitzuburuak: “Aurten dibulgazioan jarri nahi da indarra eta horretarako, besteak beste, erakusketa, ikus-entzunezkoa, hitzaldiak eta baliabide didaktikoak erabiliko dira”.

Erakusketa izango da baliabide nagusia eta abenduaren 11tik 25era egongo da ikusgai Aroztegi aretoan. Erakusketan herritarrengandik jasotako informazioa aurkeztuko da panelen bidez eta horretaz gain, bildutako euskarriak ere erakutsiko dira.

Ikus-entzunezkoa erakusketaren osagarri izango da, jasotako edukiaren ikuspegi orokorra eskainiko duena. Bizpahiru hitzaldi antolatuko dira. Baliabide didaktikoak ere sortuko dira gaia eskoletan lantzeko.

Aurrekontuari dagokionez, orain arteko lanena (grabazioak egitea, kodifikatzea eta ikusgai jartzea…) 12.000 euro da, eta aurtengo, grabazio berri, erakusketa, hitzaldi eta abar, 15.000 euro.

 

 

 

Departamento: