Gure historia eta gure iragana gogoratzea eta jasotzea ezinbestekoa da herri moduan aurrera egiteko; eta udal honek duen artxiboa, Udal Artxiboa, altxorra da. Milaka eta milaka dokumentu eta argazki daude bertan batuta, antolatuta eta erakusgai.

Eta oraingoan, beste batzuetan bezala, lan ederra egin da tematika baten arabera multzokatu, sailkatu eta jendaurrera ekartzeko. 60ko hamarkada oinarri hartuta prestatutako erakusketa honen bidez ikusiko dugu hamarkada gutxitan nola aldatu den Bergara, nola aldatu garen, eta nondik gatozen.

Gozamena da halako irudiak jasota, zainduta eta ordenatuta izatea. Gonbidapena egiten dizuet erakusketa ikusteko eta, baita ere, udal artxiboan daukagun altxorra ere bisitatzeko.

Udal Artxiboak, tarteka egin ohi duen moduan, azken urteotan digitalizatutako milaka argazkietatik aukeraketa egin eta horren lagin bat jendaurrera ekarriko du.

‘60’ izenpean 60ko hamarkadako Bergara ezagutzeko 65 argazki batu ditu eta Aroztegin erakusgai jarri. Horietako asko Toribio Jauregiren fondokoak, Serafin Esnaolarenak ere bai, eta baita bestelakoak ere. Aldaketa garaia da hamarkada hori, kontrasteena ere bai, eta hori islatu nahi da erakusketa honen bitartez. Are gehiago, grafiko batzuekin ere lagunduko da.

Erakusketa honetan, gure herria 60ko hamarkadan irudikatu nahi izan dugu; orduko Bergarako herritarren egunerokotasuna azaldu. Hirurogeiko hamarkada, zentzu askotan, aldaketa-garaia izan zen; eta argazkien hauen bitartez, gizarte haren zertzelada bat ekarri nahi izan dugu.

Bergararren aisialdian zinea eta kirol-ikuskizunak nabarmentzen dira. Hemen, hauetariko batzuk ikusi ahal dira: pilota, txirrindularitza, futbola, ziklo-krosa… Baina, horietaz gain, baziren mendi-irteerak, musika-taldeetan parte hartzea, domekero egiten ziren dantzak...

Aldaketa urbanistikoen garaia da. Alde batetik industria berriak sortu ziren; aurretik zeuden ehungintza-lantegiez eta Zerrajeraz gain, beste sektore batzuetako lantegiak ere ugaritu ziren, eta horietako asko San Lorentzoko industrialdean ezarri ziren. Bestetik, etxebizitza asko eraiki ziren; hala nola, Fraiskozuri plazan, Ariznoa kalean, Zabalotegin, Irizar pasealekuan, Matxiategin. Izan ere, aurretik zeuden etxebizitzen kopurua txikia geratu zen, eta gainera haiek ez zuten betetzen garai hartan eskatzen zen erosotasun-maila.

Erlijioak eta elizak garrantzi handia zuten. Bataio, jaunartze, ezkontza eta hileta elizkizunez haratago, edozein denda edo lantegi zabaltzerakoan edo edozein ospakizunetan beti egiten zen haien bedeinkapena. Hezkuntzan ere, bi ikastetxe handienak –Mariaren Lagundia eta Seminarioa– mojek eta fraideek zuzentzen dituzte.

Erakusketa honetako argazki denak Udal Artxibokoak dira. Artxiboan gorde eta kudeatzen ditugun fondoak herritarrei ezagutzera emateko modu bat da. Aroztegi aretoak hori egiteko aukera bikaina eskaintzen digu, baina milaka argazkien arteko aukeraketa-lana egin behar izan dugu... Ez da lan erraza izan, baina zuen gustukoa izatea espero dugu.

Inaugurazioa urriaren 9an, ostirala, izango da, 19:00etan.

Departamento: