Antzinakotasun eta garrantzi handiko Aroztegitarren leinukoa zen Pero García de Aroztegik eman zuen, 1528. urtean, etxe zahar eta dotore hau jasotzeko agindua. Hiribilduaren Erdi Aroko jatorrizko gunean kokatua, oso-osorik harlanduz egindako fatxada nagusi indartsua dauka Aroztegi etxeak, eta bertan, sarreratzat balio duen arku handia.
Arkuarekin jarraituz, zorrotz samarra eta arku-harri edo dobel nahiko handiz osatuta dagoela esan daiteke. Arku hau ixten duen XVI. mendearen lehen erdiko zurezko ate erliebeduna da Aroztegi etxean gehien nabarmentzen den arte-lana. Atea, maisutasun handiz tailatua da eta apaingarri gruteskoz oparo dekoratua dago. Ate-erdi bakoitzak, Manierismotik gertu zegoen Platereskoaren faserik aurreratueneko dekorazio elementuak konbinatuz, aberastasun eta xehetasun handiz apaindutako 24 panel ditu. Bertan ikus daitezke irudi ezberdinak:
- Landare-itxura hartzen duten munstroak.
- Txori-hankadun gizonak.
- Candilieriak, medailoiak eta motibo heraldikoak.
Gruteskoak, Italiatik etorri eta tradizio klasiko erromatarrean oinarritutako Errenazimenduko apaindura elementuak dira. Aroztegi etxekoa, Espainian gordetzen diren Errenazimendu garaiko ate onenetakoen artean dago zalantzarik gabe.
Oharra: Gaur egun, ate hau, behin errestauratu ondoren, eta kontserbazio arrazoiengatik, Aroztegi Etxearen barruan kokatu da eta bertan dago ikusgai.