Enviado por webmaster en Mar, 2025-07-22 11:19
2024-2027 legegintzaldi planaren baitan, Bergarako Udalak herritarren ongizatea, elkarbizitza eta ingurumenarekiko harremana sustatzeko konpromisoa hartu du. Plan horren barruan, 50 imajinazio arnasgune aktibatu eta birpentsatzeko helburua ezarri da, lasaitasuna, elkar ezagutza, alaitasuna, irribarrea, euskara eta ongizatea ardatz hartuta. Horren harira, azken hilabeteetan herriko biodibertsitatea sustatzeko hainbat neurri hartu ditu Bergarako Udalak herriko txoko ezberdinetan.
Helburu horiek lortzeko bidean, tokiko biodibertsitatea garatu eta ezagutarazteko ekimenak funtsezkoak dira. Izan ere, biodibertsitatea ezagutzera emateak haren kontserbazioa sustatzen du, komunitatearen bizi kalitatea hobetzen du, kultura nortasuna indartzen du eta ingurumen erronken aurrean iraunkortasuna eta egokitze estrategiak garatzeko aukera ematen du.
Bergarako Udalak dagoeneko hainbat ekimen burutu ditu 2024 eta 2025 urteetan zehar:
- Itsasmendi udal partzelan basoa berreskuratzeko proiektua jarri da martxan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. 2024ko otsailean, Kukubaso elkartearekin batera, bertako zuhaitzen landaketa egin zen auzolanean. Urtebete igaro ondoren, proiektuaren lehen fruituak ikusten hasi dira.
- San Martzial inguruan, 2024ko martxoan, beste landaketa bat egin zen Kukubasorekin elkarlanean. Emaitzak ikusgarriak dira, eta ingurua biziberritzen ari da.
- Askatsuko udal partzelan, 2025eko hasieran, bertako zuhaitzen landaketa egin zen eta ekainean istinga edo urmael bat sortu zen, biak auzolanean gauzatuak.
- Usondo parkean, 2025eko udan, bertako landarediari buruzko bi panel informatibo jarri dira. Halaber, Iturriberriko urmaelaren inguruko informazioa jasotzen duen panel bat ere jarri da, Iñaki Irizar naturzale eta ekintzailearen omenez.