Bergarako Udalak prozesu herritar bat jarriko du martxan datozen hilabeteetan Arrizuriagako eraikinaren erabilera kulturala definitzeko. Azken hilabeteetan herritar talde batekin barne mailan landutako proposamena eramango da mahai gainera, eta helburua da herritarrekin batera espazio kultural ireki, malgu eta partehartzailea eraikitzea, Bergarako komunitatearen behar artistiko eta kultural berriei erantzunez.
Prozesuak lau bilera nagusi iango ditu, eta lehena apirilaren 9an ospatuko da, 18:00etan, Arrizuriagan bertan. Prozesu hau dinamizatzeko, kanpo eragile baten partehartzea ezinbestekoa dela ulertu du Udalak, ikuspegi berriak eta metodologia berritzaileak txertatzeko asmoz. Horretarako hautatu da Artaziakoop kolektiboa, arte garaikidean eta komunitate prozesuetan eskarmentu handia duen taldea.
Artaziakoop-en lana izango da Arrizuriagan zubiak eraikitzea agente ezberdinen artean, parte hartze aktiboa sustatzea eta hausnarketa kritikoa piztuko duten espazioak sortzea. Horretarako, esperientzian oinarritutako baliabideak eta lan-metodologia parte-hartzaileak ekarriko ditu.
Prozesu berri hau ez da hutsetik abiatzen: aurretik egindako lanaren gainean eraikitzen da, eta funtsezko erabakiak talde eragile batek hartuko ditu. Artaziakoop-ek, berriz, tresnak eta dinamizazioa jarriko ditu bere esku.
Maite Usabiaga zinegotziaren arabera, “Bergarak kultura eta artearekiko konpromiso historikoa du; margolaritza, musika eta bestelako diziplinetan garatutako ekimenek hala erakusten dute. Adierazpen guzti hauek babestu eta sustatzea gure ardura da eta Arrizuriaga horretarako tresna moduan planteatzen da, beraien eguneroko jarduna aberasteko tresna gisa. Baina elkarteratuta ez dauden artisten lanak ere babestu nahi dira proiektu honen bitartez. Herriko kultura eta herritarrak bilduko dituen topagune bat izan nahi du Arrizuriagak.
Horregatik, Udalak kulturaren sustapenean jauzi kualitatiboa eman nahi du, eta Arrizuriaga horretarako giltzarri izan daitekeela uste dute udal ordezkariek. Espazio honek elkartegintza zaintzeko eta belaunaldi berriak erakartzeko aukera eskainiko du, sorkuntza kolektiboan oinarritutako gune berritzaile bihurtuz.
Prozesuaren oinarria kultura eskubide gisa ulertzea da. Horrek hiru zutabe ditu:
• Kulturaz gozatzeko eskubidea: kultura irisgarria, eskuragarria eta anitza bermatu nahi da.
• Kultura egiteko eskubidea: sormen beharra duten herritar guztientzako aukera berriak sortu nahi dira.
• Erabakiguneetan parte hartzeko eskubidea: herritarren ahotsa entzun eta kontuan hartu nahi da kultura politika eta espazioen diseinuan.
Udalak prozesu ireki eta partehartzaile bat jarriko du abian datozen asteetan, Arrizuriagan sortu nahi den kultur gune berrirako prozesu herritarraren helburua ez da espazio itxi bat sortzea, baizik eta komunitatearen beharretara egokitzen den eta denborarekin alda daitekeen gune bat garatzea.
Elkarlana, elkarbizitza eta sormena izango dira ardatzak. Horregatik, herritar, elkarte, sortzaile eta eragile ezberdinek izango dute bertan parte hartzeko aukera, eta bertatik abiatuta kultura ulertzeko eta egiteko modu berriak sustatuko dira.