Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2025-02-25 07:59
2025eko martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.
Ibilitako azken 3 hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.
Hala ere, genero-desberdintasun estrukturalak oraindik ere ematen dira: emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea. Egoera honen kontziente izan behar dugu, eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeak boteretzera ere eraman beharko lituzkete.
Bide batez, ezinbestekoa da zaintza-sistema publiko eta komunitario baten aldeko apustua egitea, emakumeen bizkar dagoen zama kolektibizatzeko eta erantzunkidetasuna bermatzeko. Lan- eta bizi-baldintzak duinak izan daitezen, zaintza-lanak, ordaindua zein ordaindu gabea, aitortzea eta baldintza egokietan gauzatzea ere beharrezkoa da. Era berean, ekonomia feministaren ikuspegia txertatzeak lehentasuna eman beharko lioke bizitzaren iraunkortasunari, eta ez merkatuaren logika hutsei.
Horretarako, ezinbestekoa da Gobernantza Feminista aurrera eramatea. Gobernantza Feminista berdintasun politiketan historikoki kokatua izan da, Berdintasun Planen zutoinetako bat bezala, eta honi Gobernu Ona esan zaio. Egiteko moduei, egiten denari baina gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa.
Horretarako, politika publikoek genero-ikuspegia ezinbestean integratu behar dute, emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak berdintzeko eta oztopo estrukturalak ezabatzeko. Horrek esan nahi du aurrekontuak, legeak eta erabakiak perspektiba feminista batetik eraiki behar direla, berdintasun erreala lortzeko. Gobernantza feministak, hortaz, ez du soilik emakumeen parte-hartzea sustatu behar, baizik eta egiturazko aldaketak bultzatu behar ditu, gizarte bidezkoago bat eraikitzeko.
Hori dela eta, Bergarako udalak ondorengo konpromisoak hartzen ditu:
• Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.
• Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
• Bergarako herrian emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
• Herritarren artean indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
• Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.
• Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.
• Gobernantza parte hartzaile eta demokratikoa garatzeko Berdintasun Kontseilua edo bestelako espazio konpartituak garatzen jarraitzea eta behar direnak sortzea, horretarako behar adina baliabiderekin indartuz.
• Mugimendu Feministarekin batera Zaintzen aldeko Herri Itunarekin bat egitea eta espazio partekatuetan aurrera eramatea.
• Jabekuntza Eskolei eta Emakumeen Etxeei behar adina baliabide bermatzea.
• Euskal Herriko Mugimendu Feministak bultzatutako dinamikekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea.
• Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egiten duen lana aitortzea.
Genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat eginez, Bergarako udalak konpromiso irmoa hartzen du berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde lan egiteko.