Enviado por Bergarako Udala en Mié, 2024-10-02 07:58
Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako Udalek eta Fray Joseph Echevarria Elkarteak Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren 25. edizioa aurkeztu dute astearte goizean.
Fray Joseph Echevarria Elkarteko kide Itziar Urbietaren hitzetan, askotarikoa eta gustagarria den egitaraua antolatzen ahalegindu dira. Kanpotar organista entzutetsuek eta bertakoek hartuko dute parte, beste hainbat musika tresna eta ahots taldeekin, nahiz eta beti protagonismo nagusia organoari eman. Loiolako Basilikan, eta Bergarako eta Azkoitiko parrokietan hamar kontzertu eskainiko dira urrian.
Bergararen kasuan, Santa Marina parrokian ospatuko dira kontzertuak, San Pedro parrokiako organoaren eraberritze lanak bukatzen diren bitartean. Izan ere, lanak oso aurreratuta dauden arren, arduradun teknikoek erabaki dute komenigarriagoa dela lanok presarik gabe bukatzea.
Bergarako kontzertuak (Santa Marina parrokian, 19:00etan)
· Urriak 6, igandea – Juan de la Rubia organista + Xabier Urtasun organista
· Urriak 13, igandea – Ignacio Arakistain organista + Aritz Segura zeharkako flauta
· Urriak 20, igandea – Aitor Olea organista + Airean ahots taldea (David Azurza kontzertuko zuzendaria izango da)