Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2024-09-17 08:16
Bergarako Udaleko Berdintasun arloak Jabekuntza Eskolaren urte bukaera bitarteko ekimenak aurkeztu ditu. Aurten, besteak beste, sei tailer, hitzaldiak, mahai inguruak edota bi proiektu berri eskainiko dira. Azken horietarako, Berdintasun arloa Udaleko beste arloekin elkarlanean aritu dira, eta elkarlan horretatik sortu dira ‘Emakume migratuak eta Kirola’ eta ‘Gure Artean Euskaraz’ ekimenak.
Ikasturte hasierako ekitaldia urriaren 24ean ospatuko da Seminarixoan, 20:00etatik aurrera, bakarrizketak eta bat-bateko bertsoak uztartzen dituen ‘Kilimaterioa’ ikuskizunarekin. Izena emateko epea irailaren 17an hasi eta urriaren 6ra arte luzatuko da, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da etxe guztietan, https://bergara.eus/eu/node/19171 helbidean edo udaletxean banatuko den ‘Izena Emateko Orria’ betetzea,
Plaza kopurua mugatua da. Tailerretako plazak esleitzeko zozketa egingo da izena eman duten emakume guztien artean. Zozketan lehentasuna izango dute Bergaran erroldatutako emakumeek. Izena emateko epea amaitutakoan, taldea sortu eta plaza librerik geratzen bada, izen gehiago jaso ahal izango dira, plazak bete arte. Gainera, hala eskatz gero, Haurtzaindegi Zerbitzua eskainiko da tailer eta hitzaldi guztietan.
Bergarako emakumeentzako Jabekuntza Eskola era askotako emakumeentzako topaketa-gunea da. Bertan, praktika eta teoria feministetan murgiltzen gara; konpartitu, hausnartu eta elkarrengandik ikasi; eta nork bere burua eta elkar zaintzeari denbora eskaintzen diogu.
Era berean, gure artean sareak sortu eta espazio emozional, fisiko, social eta politiko berriak okupatu nahi ditugu. Proiektua bizia eta dinamikoa da. Hizkuntza nagusia Euskara duen arren, aldi berean, Bergaran bizi garen emakume anitzen identitateetatik eraiki nahi dugun proiektua da.
Udalaren Berdintasun zerbitzuan:
• San Martin Agirre plaza 1, udaletxeko hirugarren solairuan.
• 943779145 · 688811760
• berdintasuna@bergara.eus
Izena emateko epea: Irailaren 17tik urriaren 6ra - https://www.bergara.eus/eu/node/18517