2012an onartutako ‘Biodibertsitatearen aldeko konpromisoa’ egikaritzeko hainbat proiektu eraman ditu Bergarako Udalak azken urteetan, lur eremuak erosi eta bertako espezieak landatzea, esaterako. Orain, berriz, haratago joan nahi du Udalak, eta, lehen aldiz, elikagaien ekoizpenera bideratzeko lursailak erosiko ditu.

“Kontziente gara beheranzko joera nabarmenean dagoela nekazaritza eta abeltzaintzako Bergarako jarduera profesionalean. Lehen sektorearen lan eta bizi baldintzen beherakadari eta kontsumo behar berriei erantzuteko lan ildo bat sortzeko beharra ikusi dugu Bergarako Udaletik, eta apustu hau horren adibide da”, adierazi du Markel Azkargorta zinegotziak.

Lurzoru ez urbanizagarriko lursailen erosketa publikoa funtsezko tresna da aipatu helburu horiek lortzeko bidean. Testuinguru honetan Bergarako Udalak 2023ko Aurrekontuari egotzita lurzoru ez urbanizagarrian lursailak erosteko deialdi irekia egitea erabaki du, 2021ean hasitako lur ez urbanizagarrien erosketa programari jarraipena eman eta herri-lurrak bereganatzen joateko helburuarekin.

2O23ko lur erosketa deialdi honetan udalerri mailan garranlzi berezia duten eremuetan biodibertsitatea zaindu eta areagotzeko helburuari eustez gain, lurzoru emankorrak zaindu eta babestu nahi dira etorkizunean hauen erabilera elikagaien ekoizpenera bideratzeko aukerak zabalduz.

2021eko martxoan sortu zen Elikadura Mahaiaren eragiletako bat izateko hautua hartu zuen Udalak. Mahai honek elikadura burujabetza eta agroekologiaren oinarria lantzea du xede eta gai honi begirako transmisioa emateko helburua ere. Honela, Bergarako Udalak lehen sektorearen beharrei laguntzeko proiektu hau garatuko du, jada instalatuta dauden ekoizleei lagunduz eta ekoizpen egitasmo berriak bultzatuz.

Egitasmo honetarako partida gehienez 60.000 eurokoa izango da, (30. 000 euro erosketa-lerro bakoitzeko):
• Biodibertsitatea zaindu eta areagotzeko ekimenak sustatzeko lursailen erosketa-lerroaren kasuan lursailak gehienez 0,40 euro/m2-ko prezioan ordainduko dira.
• Lurzoru emankorrak zaindu eta babesteko eta hauen erabilera elikagaien ekoizpenera bideratzeko lursailen erosketa-lerroaren kasuan lursailak gehienez 1,35 euro/m2-ko prezioan ordainduko dira.