Euskara enpresa munduan hedatzeko asmoz, Bergarako Udalak ‘Harixa’ egitasmoa jarri zuen martxan 2022 urte bukaeran. Orain, berau sortu eta urtebetera, ekimenaren lehen Batzar Orokorra ospatu dute asteazken honetan 24 enpresek eta eragile ezberdinek. Bertan, orain artean emandako urratsen balorazio positiboa egin dute partehartzaileek, enpresa ezberdinetan egindako diagnostikoa entzun eta ekintza planen aipamena egin ostean.

Izan ere, proiektu honen bitartez, Udalak eta herriko 37 enpresa, talde eta eragilek euskara sustatzeko konpromisoa hartu zuten. Orain Bergarako egitasmoa erreferentziatzat hartuta, Debagoien osorako plan bat egiteko proposamena lantzen dihardute Jaurlaritzak eta eskualdeko Mankomunitateko udalek.

14.739 biztanle dituen herria izanik, %67,8a euskalduna da Bergaran. ‘Harixa’ri dagokionez, 546 langilerengan du eragina, eta bertatik 397k daukate euskaraz aritzeko gaitasuna (%72,7a).

Aurrera begira, hainbat proposamen aurkeztu dira gaurko Batzar Orokorrean, besteak beste, gune ezberdinetan garatu ahal izateko proposamenak, esaterako, sentsibilizazio kanpaina orokorrak edota lan arloan zein arlo akademikoan txertatzeko proposamenak.

“Lehen urtearen ostean, Harixa ekimena sendotzeko oinarri egoki bat sortzen goaz hainbat lan ildorekin. Ziur gaude, beraz, 2024an HARIXA sendotzeko urrats garrantzitsuak emango ditugula eta gaurko batzarra horretarako bide izango dela. Zentzu horretan, Harixa eskualde osora zabaltzeko proiektua eta enpresa bakoitzean egin diren diagnostikoak nabarmendu nahiko nituzke”, adierazi du Ainhoa Lete Bergarako Udaleko zinegotziak.

Zentzu horretan, Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikasleen hizkuntza aukeren diagnostikoa egin da denbora tarte honetan, eta horrek arlo horretan egitasmo osagarriak bideratzeko aukera zabalduko du, enpresetatik langile euskaldunak jasotzeko eskaria handitu baita, partehartzaileen arabera.