Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2023-10-31 12:03
Bergarako Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, ‘Goruetan’ bekan izena emateko epea ireki berri du. Beka honen bitartez emakumeek historian zehar Euskal gizarteari egindako ekarpenak ikertzeko aukera izango du beka jasotzen duen pertsonak ala taldeak.
Ikerketaren iraupena gehienez 18 hilabetekoa izango da, eta, trukean, 12.000 euroko ordainsaria jasoko du. Izen ematea abenduaren 7ra arte (barne) egin ahalko da Bergarako Udalak eskaintzen dituen baliabide fisiko edo elektronikoen bitartez. Bekaren koordinazioan Laboratorium Museoak, Udal Artxiboak, UNEDek eta Martxanterak Taldeak parte hartu dute, Udaleko Berdintasun Sailaz gain.
“Emakumeen ikuspegi eta ekarpenei balioa ematen ez dien kontakizuna izan da gure herriaren historia eraikitzeko ardatza. Gizonak izan dira objektu eta subjektu bakarrak, eta horrek bazterrean geratzen diren errealitateak aintzat hartu ez dituen kontakizun bat erakutsi digu. Emakumeen errelatoak ez dira kontuan hartu eta ondorioz emakumeak ez dira ikustarazi; gabezia nabarmenak daude eremu guztietan”, adierazi dute udal ordezkariek.
Aipatutakoan eragiteko Bergarako Udalak, eta Laboratorium Museoak (gizarte museoa den heinean), beka hau baliatu nahi dute emakumeen ekarpena zer nolakoa izan den jaso eta bidebatez emakumeei zor zaien aitortza egiteko.
Bestalde, Udalak onartutako III Berdintasun Planak emakumeen ahalduntze sozial eta politikoan laguntzea deituriko lan ildoan «esparru desberdinetan Bergarako emakumeen ekarpena ikusgai egon dadin susta tzea» deitutako ekintzari ere erantzun nahi dio ikerketa beka hau martxan jarrita.
Bekara aurkeztutako proposamenak aztertu asmoz, epaimahai tekniko bat osatu dute bekaren sustatzaileek. Era berean, bekaren jarraipen batzordeko kide izango dira epealdia iraungi bitartean. Epaimahaia modu honetara osatuko da.
— Arduradun politikoa.
— Idazkaritza ko ordezkaria.
— Berdintasun teknikaria.
— Museoko ordezkaria.
— Udal artxiboko ordezkaria.
— UNED Bergarak izendatutako irakaslea.
— Herriko mugimendu/talde feministako ordezkaria.
Ainhoa Lete Berdintasun zinegotziaren arabera, “gure inguruko eta gure herriko historia berridazteko saiakeran aparteko garrantzia izan dute ikertzaile eta historialari feministek egindako ekarpenak, Euskal Herriaren azterketa feministaren bidez, baita azken urteetan hainbat herritatik sustatutako dirulaguntza eta ikerketa bekei eta bertatik egindako ikerketei esker erakutsitako errealitateak ere”.
Informazioa hemen eskuragarri: https://uzt.gipuzkoa.eus/WAS/AYTO/USCServicioCiudadanoVer15WEB/home.do?D...