Enviado por Bergarako Udala en Vie, 2023-09-22 12:02
Ikasturte berriarekin batera, Bergarako Udalak eta herriko eragile feministek hainbat jarduera antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Lehen aukera datorren ostiralean izango da, besteak beste, Silvana Pissano Montevideoko (Uruguai) B udalerriko alkatea Bergarara etorriko baita zaintzaren eta hirigintzaren arteko harremanaren inguruko hitzaldi bat eskaintzera. Datorren irailaren 29an izango da berbaldia, 18:00etan, Irizarren.
Hitzaldi berezi honen eta Jabekuntza Eskolen aurkezpena egin asmoz, prentsaurrekoa eskaini dute ostiral honetan Ainhoa Lete alkateordeak, Maria Salsamendi Berdintasun teknikariak eta Bergarako mugimendu feministako kideek.
Luciana Alfaro Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako kidearen arabera, “agerikoa da gizarte gisa bizi dugun zaintza-lanen krisi sistemikoa; hori dela eta, Emakumeen Mundu Martxak zaintzei buruzko elkarrizketa eta hausnarketa bultzatu nahi ditu, bi esperientziaren ezagutzatik abiatuta, bata sektore publikokoa eta bestea eremu komunitariokoa”.
Lehenengo esperientzia Uruguaiko Montevideo hiriburuko B Udalerrian garatzen da, non alkatetzak hirian bizitzeko eskubidea bermatzeko ekimen batzuk sustatu dituen, zaintza erdigunean kokatuz. Bere proposamenaren asmoa da auzo irisgarriagoak eta integratzaileagoak eraikitzea pertsona guztientzat, eta espazio publikorako sarbidea eta gozamena bermatzea. Hizlaria Silvana Pissano alkatea izango da, Fronte Zabaleko kidea, arkitektoa eta feminista.
Bigarren esperientzia Cordoban garatu da, Argentinan, eta Casa Comunidad izena du. Gizarte-erakunde horrek, auzo mailan, hezkuntzaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreetako zainketa beharrei erantzun nahi die, posizionamendu antikapitalista, antikolonial eta antipatriarkal batetik. Casa Comunidad elkarteak egiten duen lana ezagutarazteko, Carolina Medinak eta Vanesa Fontanellaz gizarte erakunde horretako aktibista feministek parte hartuko dute solasaldian.
Zentzu horretan, Ainhoa Lete alkateordeak adierazi du Bergarako Udalak “Zaintzaren aldeko apustu argia” egiten duela, eta horrek bizitzako esparru guztietan zerikusia daukan elementu bat dela. “Gure herriko hirigintzaren diseinua antolatzerakoan hainbat ildo hartu behar ditugu kontutan, eta Zaintzarena horietako bat da. Oso ideia abstraktua dirudien arren, jakin badakigu beste hainbat herrik eta hirik ideia horren garapenean aurrerapauso ezberdinak eman dituztela”, gaineratu du Letek.
Datorren ostiraleko hitzaldi berezi horretaz gain, aurtengo Jabekuntza Eskolek berrikuntzak izango dituzte. Horietako bat ikastaroen eta berrien jarraipenarekin zerikusia dauka. Izan ere, eta bergarar gehiagorengana heldu asmoz, udaleko Berdintasun Sailak ‘Bidelagun’ figura sortu du, eta, haren bitartez, Berdintasun Sailetik martxan jartzen diren egitasmo berrien inguruko informazioa modu zuzenean jaso ahalko dute izena eman duten bergararrek. Izena ematea www.bergara.eus webgunearen bitartez egin beharko da.
· Prentsaurreko osoa ikusi: https://youtu.be/JgO2lRw7A_Q?si=bjhZq5zbHCFffZWO