Abenduaren 19an egindako ohiko osoko bilkuran onartu ditu 2023. urterako aurrekontuak Bergarako udalbatzak.30.565.086€ko aurrekontu bateratua onartu da EH Bilduren (9) aldeko botoekin eta EAJ-PNVren (5, bi zinegotzi ez dira batzarrean egon) kontrako botoekin. PSE-EEko ordezkariak ez du osoko bilkuran parte hartu. 

Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenak egin du aurrera, bere horretan. EAJ-PNVk lau proposamen egin ditu. Martoko aldeko berrurbanizazioa, Simon Arrieta plazako lanak martxan jartzea, Agorrosingo futbol zelaiaren bigarren fasearen proiektua idaztea eta subiranotasun energetikoari lotutako 3 proposamen. Gobernuko bozeramale Nagore Iñurrategi Irizarrek erantzun dio Angel Murgiondo Mujika zinegotziari EAJk egindako “azken momentuko proposamena 5.000.000 €ko inbertsio gaitasunaren gainean 3.100.000 eurokoa izanda, hori negozia ezina da, zer esanik ez nondik kenduko zenuketen argitzen ez bada”.

Ogasun zinegotzi Aitor Aranzabalek azaldu duenez, “inbertsio kapazitatea mantentzea lortu da, nahiz eta gaur egungo egoera politikoak eta ekonomikoak eragin zuzena izango duen gastu arruntetan, adibidez elektrizitatean, gasean, erregaietan…. Identifikatutako beharrak asko dira, baina lehentasunak markatu eta buruan geneuzkan proiektu batzuk alde batera lagata ere, daukagun errealitatera egokituta, anbizio handiko proiektua aurkezten dugu”.

Atalka, aurrekontuetan igoera nabarmenak egin dira ongizateari lotutakoetan, zerbitzuetan eta hiri lanetan, auzoetan, ondarean eta kulturan, esaterako.

Gizarte Zerbitzuetara aurrekontu osoaren ia %9 bideratzen da, alegia, 2.700.000 euro bueltan. Etxebizitzaren IBIa ordaintzen laguntzeko diru-laguntza programa sortzeko partida jasotzen da, besteak beste. Aranzabalek esan duenez, “pertsona zaurgarrienek ere izan ditzaten bizitzeko baldintza duinak”. 

Berdintasun saila indartuta, aurrekontuan partida propioa izatea eragin du. Berdintasunean estrategikoa izango da 2023. urtean Emakumeen etxea sortzeko prozesu parte-hartzailea.

Aurrekontuan %3 auzoetan hobekuntzak egitera bideratuko da. Hor kokatzen dira, esaterako baserri bideak konpontzea, edota auzoetako frontoietako konektibitatea.

“Ehun ekonomiko indartsua behar du egoki garatuko den herriak, eta ildo horretan lehentasuna izango du azoka biziberritzeko proiektuak. Nabarmentzeko beste ezaugarri bat ere badauka honek, lehen sektorea indartzea”, Ogasun zinegotziaren esanetan.

Obretan, hirigintza lanetan eta zerbitzuetan ere igoera nabarmenak egin dira dira, “Bergaran bizitzeko baldintzak hobetzeko bidean hasitako lanari jarraipena emanez”. Lan berriak egiteaz gain, adibidez, autobus geltokitik Eskusarterako bidegorria, aurretik datozenak bukatzeko ere aurreikusi da diru-partida, esaterako Masterrekako berrurbanizaziorako.

Bergara herri bizia da, eta kulturan aberatsa, eta horrela izaten jarraitzeko diru-poltsa be haunditu egingo da. 2023. urtean Arrizuriagari lotutako kultur proiektuarekin jarraitzea aurreikusten da.

Jasangarritasunaren bidean urratsak ematen jarraitzeko inbertsioak ere handituko dira, lurren erosketa publikoak egiteko, ingurumenarekin lotutako proiektuak gauzatzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko (udal eraikinetan plakak, energia komunitatearen instalakuntzak adibidez).

Aipatutakoez gain, Europako Next funtsetan tokia izan dezakeen proiektu baten lanketa egin da eta aurrekontuetan txertatu da. Udal-pilotalekua berritzea alegia, hau egokitzeko lanak egitea udal baliabideekin soilik nekez aurrera eramateko proiektua da, eta diru-laguntza jasotzen bada egingo da.

“Ikusten duzuen moduan Udal Gobernuak Bergara hobe baterako bidean jarri ditu udal baliabideak, jendearen bizi baldintzak hobetzeko asmoz”, esanez amaitu du Aranzabalek bere azalpena.

Inbertsioak

Aurrekontuetan jasotzen diren inbertsioetako batzuk hauek dira: 
 

Deskribapen

2023ko Aurrekontua

JOLAS PARKEAK

50.000,00

URBANIZAZIOAK - (MASTERREKA, …)

820.000,00

BIDEGORRIAK ETA MUGIKORTASUNA - (BUS GELTOKIA - ESKUSARTE)

450.000,00

AUZOETAKO AZPIEGIT -URBANIZAZIOAK

100.000,00

BASERRI BIDEAK ETA KUNETAK

200.000,00

BOLUKO MALDA

200.000,00

INGURUMENEKO PROIEKTUAK

149.000,00

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK (PLAKAK)

175.000,00

KULTUR LOKALAK (ARRIZURIAGA)

510.000,00

AZOKA ELKARREKIN

230.000,00

ETXEZ ETXEKO ZERBITZUA

1.060.000,00

GAZTELEKUA, LUDOTEKA

329.000,00

 

Departamento: