Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2022-10-11 10:27
“Testuinguru ekonomikoa eta soziala aztertuta, berriro ere baldintza zailei aurre egin beharko diegula ematen du, eta testuinguru horretan, hurrengo hilabeteetarako ditugun erronkak zehaztu ditugu”, esan du Gorka Artola Alberdi Alkateak.
Sortu daitezkeen behar berriei adi egonda ere, Bergara izan, bizi, ekin plana izango du Udal Gobernuak iparrorratza, “pertsonak erdigunean, Bergara bizitzeko herri hobea izan dadin” lan egingo du Udalak Alkatearen esanetan.
Laster gauzatuko dira dimentsio handia duten bi lan: Zubieta eta Masterreka kaleen birgaitzea eta Agorrosingo futbol zelaia berritzea. Eta dimentsio txikiagokoak izanda ere, “ilusio berezia sortzen didatenak badaude, duten izaeragatik, esaterako, dependentzia apala duten adinekoentzat San Joxepen zabalduko dugun Arin zerbitzu berria. Pertsona horien autonomia eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duena eta zerbitzu oso aproposa izango dena”, adierazi du Alkateak. Pertsona nagusien ongizateari lotuta, eta gizartean haien bizi esperientziak duen garrantziari jarraituta, Pertsona Nagusien Kontseilua sortzeko bidea ere zabalik dago.
Ortu komunitarioena ere proiektu berezi gisa aipatu du Artolak. Bertan parte hartuko duten herritar guztiek datozen egunetan formazioa jaso ondoren martxan jartzeko prest daude,
Azken txanparako erronken inguruan esan du, “ditugun erronkak ere ez dira txikiak, baina gogotsu helduko diegu”. Horien artean “obra bereziak” diren bi aipatu ditu Artolak, Arrizuriaga birgaitzea eta azoka biziberritzea.
Bi proiektu horiek bereziak dira Artolaren ustez, “eraikinen obrak baino askoz gehiago direlako”. Arrizuriaga eraikina egonkortzeko lanak martxan daude, eta nahiko aurreratuta. Ondoren barruan garatuko den herrirako kultur proiektu berri eta berritzailearen lanketa ere abiatuta dago. Kultur eragileekin elkarlanean garatzen ari da Udala, Alkatearen esanetan, “gure egiteko moduan daramagulako elkarlana, gure ezaugarri bat izatea nahi dugulako”. Bergarako aberastasun kulturalari ekarpena egingo zaio proiektu horrekin, askotariko adierazpideei bidea zabalduz.
Azokaren proiektua ere ildo beretik lantzen ari direla esan du Artolak, “espazioa berritzea eta berrantolatzea baino askoz ere gehiago izango baita”.
Beste lan batzuk ere egingo dira, herritarrentzat garrantzitsuak izango direnak, esaterako Boluko maldaren egonkortzerako lanen lehen fasea amaitzea. Auzoak biziberritzeko bidean, Osintxun hainbat interbentzio egingo ditu Udalak. Herri barruko bidegorri sarean hobekuntzak egingo dira, eta bizikleta eta autoentzat bidea partekatuak prestatuko dira.
Aisiari lotuta Bergarako ume eta gazteei guneak eskaintzeko hainbat lan egingo dira, herritarren hainbat eskaerei erantzunda. Ur txorroten gunea sortuko da, parke estalia egingo da eta Zabalotegiko jolas parkea eraldatu eta berritzen hastekotan da. Gazteei lotuta, beste ildo batean, eta subjektu aktibo izan daitezen nerabeen parte-hartze organoa sortuko da.
Gure gizarteak oro har aldatzen joan dira azken urteetan, eta gure gertukoei agur esateko espazio laiko baten falta askotan sumatu da Bergaran, “eta eskaera horri erantzunez hileta zibilak egiteko gune bat sortzekotan gaude”.
Elkarlan publiko-komunitarioaren bidetik ere hainbat proiektuk eta lanek ikusiko dute argia laster. Egun gutxi barru zabalduko da Ehundu eraldaketa sozialerako bulegoa, esaterako. Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko urratsak ere eman dira, eta laster gauzatuko da. Edota zabaldu berri den pertsona ekintzaileek lanerako izango duten Alkar Lankidetza Gunea.
Udal Gobernuak nola lan egin nahi duen ere azaldu du Alkateak, “hau guztia elkarrekin eta elkarlanean egin nahi dugu. Lanerako gogotsu gaudelako, ilusioarekin guztion artean Bergara berria eraikitzeko, jasangarritasunetik, feminismotik eta justizia sozialetik”.