Herrietako azokak baserritarren merkaturatze bide izateaz gai, harreman eta topaketarako espazio ere badira, ondare sozial eta kultural garrantzitsua osatuz.

2021. urtean baserritarren azoken dinamizazioa eta sustapena helburu, LANDAOLA elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Elika Fundazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Gipuzkoako 16 udalen konpromisoarekin, ‘Gipuzkoako azoken sarea’ proiektua abiatu zuen.

Sare horrek bi lan ildo nagusi ditu:
-Lurralde mailako norabide komun bat landu eta Gipuzkoako azoken sarea osatzea elkarlanean oinarrituta.
-Tokian tokiko azoken etorkizunean eragitea.

Bigarren lan ildo honi dagokionez, 2021ean Elhuyar aholkularitzaren eskutik Bergarako azokaren inguruko hausnarketa prozesua gauzatu zen. Oxirondo azokaren errealitatetik abiatuta bertako eragileekin etorkizunerako erronkak identifikatu ziren eta ekintza plan bat osatu zen.

Bergarako kasuan, prozesu horretan, baserritarrek, Udalak, Debagoiena Landa Garapeneko Elkarteak, Ereindajan elkarteak eta azokako postuen ordezkariek parte hartu zuten.

Ekintza plan horretan argi gelditu zen eraikinak berak proiektu handiago baten premia zeukala, bertako produktua oinarri izango zuena, eta azoka bera dinamizatuko zuena. Ordurako Bergaran elikadura mahaia sortuta zegoen, herriko eragile ezberdinek osatuta, eta prozesu hau elikadura mahaiko lan lerroetako bat izatera pasatu zen.

Erronka honi jarraituz azokako albo batean obra egingo da, bertan dauden postu finkoak kenduko dira, eta espazio bakarreko gunea sortuko da. Oxirondo azoka bertako produktuaren eta lehen sektorearen erreferentziazko proiektu bilakatzea da helburua. Baserritarren azoka sustatzea eta bertako produktuaren eta agroekologiaren aldeko apustua egitea bertatik. Obrarako datak oraindik zehaztu gabe daude, eragindakoekin landu nahi delako proiektua.

Departamento: