Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria banatu zen atzo, martxoak 10, bigarren urtez, Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldian.

2021eko martxoaren 9an Telesforo Monzon hil zenaren 40. urteurrenaren testuinguruan sortu zuten Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak Olasotar Telesforo Monzonen eta bere bizitza osoan bidaide izan zuen Josefa Ganuzaren izena daraman saria. Eta Euskal Herriari, euskal kulturari eta bere hizkuntzari, euskarari, bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du helburu.

Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk saria “oso eskertuta eta emozio handiarekin” jaso zuten. Euskal utopiko guztiei esker herri honetan egindakok lana eta hortik jasotako emaitzak nabarmendu zituen Elkorok bere hitzartzean. Ayastuyk, urtetan egin duten lanaz, “herriarentzat egin dugun lana ez dugu eginbeharretik egin, maitasunetik baizik”, esan zuen.

Eta, hain zuzen ere, Elkororen eta Ayastuyren egiteko modu horretan jarri zuen indarra Bergarako alkate Gorka Artolak bere hitzartzean.

Elkorok Bergara mapan kokatu zuela esan zuen. “Mapan kokatu zuen Bergara hori pertsona askoren ideiekin, ekarpenekin, lan boluntarioarekin ondu zen. Lan horretan aritu zen, eta dabil Mari Karmen, ikastolaren sorreran bezala, musika bultzatzen, presoen senideak laguntzen... Egindakoaz gain, gaur azpimarratu nahiko nuke, Mari Karmenen izateko moduak, egiteko estiloak definitzen duela ondoen Bergara. Ekina, hurbila, hitzezkoa, diskretua, leiala… ez dira edonolako balioak bizi garen sasoiotarako. Balore eta egiteko modu pertsonal batzuekin ordezkatuta sentitu gara. Zaintza, arreta, elkartasuna, afektua. Ez dira balio hutsalak herri eta udal batentzat ere”.

Ayastuyren eta Elkororen "biengrafiak" errepasatuta, herri honen ertz ezberdinak ukitzen direla ere nabarmendu zuen Artolak, esaterako, boluntariotza, herrigintza, ekintzailetza ekonomikoa, hau euskaratzeko ahalegina, errepresioa eta kartzela, elkartasuna...

Olaso Dorrea Fundazioaren lehendakari Iratxe Esnaolak bere hitzartzean esan zien: “Euskal Herriaren alde bizitza betea eman duzue. Euskara ardatz eta lehentasun, gure iraganarentzat etorkizun bat eraikitzeko lanean aritu zarete beti. Baldintza latzetan batzuetan, egoera zailetan gehienetan. Frankismoan eta ondoren. Aberriaren alde hartu zenuten konpromisoari leial. Beti elkarrekin amesten”.

Telesforo Monzonekin eta Felisa Ganuzarekin izan duten laguntasuna ere aipatu zituen Esnaolak. Zaintzaren beharrezkotasunaren inguruan ere aritu zen, “bizitza sostengatzeko oinarriko lanak baitira zaintzak. Zaintza-kateek eusten dute gure jendartea, nahiz eta aitortu nahi ez den. Eta zaintza lanen ezinbestekotasuna aitortu eta lan horiek duintzea oinarrizkoa behar bat da”.

Sari honek, txanponak bezala bi alde ditu: saria jasotzen dutenena eta sariaren egilearena. Izan ere, euskal artista berriak sustatzeko ere baliatu nahi da sari hau. Urtero artista berri batek izango baitu saria diseinatzeko edo aurretik egina duen bat emateko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtuz, eta belaunaldien arteko zubi lana eraikiz.

Laida Lertxundi artista eta irakasle bilbotarrak egindako 'Landscape Plus' pieza jaso zuten opari Elkorok eta Ayastuyk. Bere praktika artistikoa New Yorken eta Los Angelesen garatu du Lertxundik. Zorroztasun kontzeptuala plazer sentsualarekin konbinatuz, Lertxundiren lanak arte kontzeptualaren eta zinema estrukturalaren ideiak eta gorputzetik lan egiteko ikuspegi feminista erradikala batzen ditu.

Senitartekoak eta lagun ugari izan zituzten alboan Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk. Baita instituzioetako, sindikatuetako, hezkuntzako, kulturako, kiroleko, euskalgintzako eta beste arloetako ordezkariak ere. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritakoak.

Bergarako Musika Eskolako Alazne Suinaga, Miren Elorza eta Beñat Askargorta biolin joleek, Uxue Garitano biolontxelo joleak, eta Eneko Galdos dantzariak ere parte hartu zuten ekitaldian.

Departamento: