Gaur, ekainak 25, inauguratu da erakusketa. Honen helburua da Algodonera de San Antonio lantegian lan egin zuten emakumeak omentzea. Ekainaren 25etik urriaren 10era arte egongo da ikusgai Bergarako Laboratorium Museoan.

Kotoiaren Emakumeak esposizioak hainbat diziplina batzen ditu, eta guzti horien helburua da Bergarako Algodonera de San Antonio eta Andoaingo La Algodonera lantegian lan egin zuten emakumeak ahanzturatik berreskuratzea eta haien bizi istorioak kontatzea. Oso baldintza gogorretan lan egiten zuten arren, bai fabrikan eta baita etxean ere, emakume bizi, alai eta eskuzabalak izan ziren.

Aurkezpenean, garai hartan Bergarako lantegian lanean aritu ziren hainbat emakume egon dira, haien bizipenak kontatu dituztenak erakusketarako. Kristina Markina Kultura zinegotziak balorau du haiek egindako lana eta bertan egon direnak eskertu. Ildo berean hitz egin du Laboratoriumeko arduradun Rosa Errazkinek. Elkarlana balioan jarriz. Izan ere, Fanny Alonsok talde handia du berarekin lanean. Eta bestetik, Zuloaga margolariaren oinordekoak ere egon dira aurkezpenean, laga dituzten materialen inguruan.

Erakusketa ekainaren 25etik, urriaren 10era arte egongo da ikusgai bergarako Laboratorium Museoan. Aipatu bezala, erakusketak, hainbat modalitate desberdin batzen ditu: Kotoi-lantegian lan egin zuten emakumeen audioak, Nerea Bengoetxeak sortutako abesti bat, Nerea Tuduriren poesiak, Dabid Argindarren argazkiak, Maialen Porroyren ilustrazioak, eta Fanny Alonsoren moda bilduma bat. Esposizioaren produkzioaz Espacios Intermedios arduratu da, eta Anne Galarraga izan da proiektuaren komunikazio eta diseinu grafiko arduraduna.

Hasiera batean, Kotoiaren Emakumeak, Fanny Alonsoren moda jasangarri proiektu bat bezala jaio zen, eta pixkanaka kutsu kulturala hartzen joan da. Aipatutako modalitateez gain, Kotoiaren Emakumeak erakusketan, Lucía Zuloagaren, Zuloaga margolariaren alaba, kotoizko bilduma pribatu bat dago ikusgai. Lucía Zuloagak Andoaingo La Algodonerako haurtzaindegiarekin harreman berezi bat izan zuen. Pieza guzti horiek María Rosa Suárez Zuloagak utzi dizkio Kotoiaren Emakumeak proiektuaren lantaldeari.

Erakusketa jasangarria

Kotoiaren Emakumeak erakusketa guztiz jasangarria da. Ikusgai dauden egurrezko estruktura guztiak, Irizar autobus-fabrikako oihal eta egurrez daude osatuak. Bestalde, esposizioan presente dauden hainbat oihal emakume batek emandakoak dira. Pentsatzen da, horiek Andoaingo La Algodonerako oihalak direla. Oihalak zintzilik dauden tutuak Donostiako Muchas Telas dendakoak dira. Erakusketarako sortu diren elementu berri bakarrak aluminiozko estrukturak dira.

 

Erakusketari buruzko informazio gehiago Laboratoriumeko webgunean

Departamento: