Udaleko Berdintasun Saila lanean dabil Bergarako hirugarren adinekoen edota dependentzia dutenen zaintzaren errealitate soziala ezagutzeko. Horren barne daude bai zaintza lanetan ari direnak –familiartekoak zaintzen dituztenak nahiz profesionalak- eta baita zainduak diren pertsonak ere.

Udala hasia zen diagnostikoa lantzen Covid19aren krisia aurretik, egoeragatik kezka zuelako. Orain, are eta gehiago agerian geratu da zaintza ezinbestekoa dela bizitzaren sostengurako. Horregatik, diagnostikoarekin jarraitu beharra dagoela ikusi du, errealitateak dituen hutsuneak ezagutu, eta ahalik eta erantzun onena ematen saiatzeko.

Lehenik eta behin Udalak datu-bilketa egin du, Bergaran zaintza lanetan edota zaintza beharrean egon daitezkeen pertsonen kopuruak ezagutzeko. Bestalde, herritarrei zaintza zerbitzuak eskaintzeko dauden baliabideen zerrenda eta informazio orokorra ere jaso ditu.

Orain, bigarren pausoan, elkarrizketak egin nahi dizkie zaintza lanetan ari direnei eta zainduak diren pertsonei. Elkarrizketa horiek telefonoz egingo dira eta 45 minutuko iraupena izango dute.

Elkarrizketa horietan jaso nahi da zein diren profesionalen baldintzak, egoera eta beharrak; familia artekoak zaintzen dituztenen kasuan ea emakume edo gizon diren, beraien bizitza pertsonalean honek zertan eragiten dien, zein baliabide erabiltzen dituzten; eta zainduen kasuan zein den euren egoera eta zer behar dituzten, besteak beste.

Hala, Udalak elkarrizketa horietan parte hartzera gonbidatu nahi ditu egoera horietan dauden pertsonak. Interesa dutenek idatzi dezatela berdintasuna@bergara.eus e-postara edo deitu dezatela 634 732762 telefono zenbakira.

Departamento: