Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) balio arkeologikoa zein pasaia-balioa gizarteratzen jarraitzeko asmoz, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziarekin elkarlanean, mikrosite batean bildu dute Dolmenen ibilbidearen inguruko informazio guztia. Bertan ibilbidearen informazio orokorra aurkitzeaz gain, orain arteko lan arkeologikoen txostenak eskuragarri egongo dira.

Informazio orokorrari dagokionez ,besteak beste, ibilbidearen tracka, bisita gidatuen egutegia eta izena emateko inprimakia eta ibilbidean zehar ikus daitezkeen historiaurreko monumentu bakoitzaren fitxa kontsultatzeko eta deskargatzeko aukera emango du. Bestalde, eta dokumentazio zientifikoari dagokionez, artxibategia izango du webguneak eta bertan Aranzadi Zientzia Elkarteak zein bestelako erakundeek burutu dituzten txosten arkeologikoak kontsultatu ahal izango dira Oraingoz, informazioa euskaraz egongo da eta uda baino lehen hiru hizkuntzetan kontsultatu ahal izango da, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez.

Era berean, Dolmenen Ibilbideari eskainitako liburuxka turistiko berria udal eta turismo bulegoetan eskuragarri izango da astelehenetik, maiatzak 27tik aurrera. Liburuxkak norberak bere kabuz ibilbidea egitera gonbidatzen du eta horretarako Karakate eta Iturriberri arteko mendilerroaren mapa eskaintzen du, perfila, zailtasun-maila, iraupena eta bertan dauden 19 monumentuen kokapenarekin. Bertara iristeko jarraibideak ere azaltzen ditu dira. Liburuxka ikusgai egongo da Dolmenen ibilbideko mikriositean; eskuragarri egongo da, baita ere, Bergarako eta Debabarreneko bi turismo bulegoetan (Mutrikun eta Deban), Elgoibarko Herritarren Arretarako Bulegoan eta Soraluzeko Udaletxean.

Jarduera hauek guztiek Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren eta Kultura Sailburuordetzaren diru-laguntza jaso dute.

Departamento: