Azken neurketek baieztatu dutenez, euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen ari dira Euskal Herriko inguru ezberdinetan. Euskaraz hitz egiteko gai den jende gehiago dago, eta euskara ulertzen dutenak ere gero eta gehiago dira. Bi datu horiek aditzera ematen digutenez, euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daude.

Horrela bada, euskararen erabilpen maila handiagoa sustatu eta praktika linguistiko berriak bultzatzen dituzten testuinguruak sortzeko beharra dagoela ikusten da.

Eta horixe da Euskaraldia, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak beste hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean, erabilera eta praktika linguistiko berriak sortzeko martxan jarri dugun ekimena. Ezagutzatik erabilerarako saltoa emateko garaia da, euskararen alde egotetik alde egiteko garaia.

Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzale eta erakundeak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak. Bergaran ere, osatu da ekimen hori garatzeko batzordea.

Ekimen horretan 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko ditugu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara eta 11 egunez helduen hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, ulermena balioan jarrita. Bi subjektu mota bereizi dira: ahobiziak eta belarriprestak.

Ahobiziak izango dira 11 egun horietan euskarari eutsiko diotenak solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, berriz, solaskideak gonbidatuko dituzte berarekin euskaraz aritzera, nahiz eta Belarriprestak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Ekimenaren helburua da, besteak beste, ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek pasa ostean, hizkuntza-praktika berri horiei eustea. Hori guztia norberaren erabakiak errespetatuz, adeitasunez eta guztiak eroso sentitzeko moduan.

Euskaraldia Gipuzkoako Foru Aldundian eta Udaletxeetan

Bergaran eta Gipuzkoan erabileran eragiteko baldintza soziolinguistiko egokiak ditugu. Eta horrek ardura eta erantzukizun berezia ematen digu Euskaraldian. Bergaran bizi den 2 urte edo gehiagoko biztanleriaren % 69 euskalduna da eta beste % 13k euskara ulertzen du. Gipuzkoan biztanleriaren % 57,4 euskalduna da eta beste % 15,9k euskara ulertzen du.

Administrazioari dagokionez, Bergarako ordezkari politikoen %100 gai da euskaraz hitz egin edo ulertzeko eta udal langileen %95 ere bai. Gipuzkoako ordezkari politikoen % 86,8 gai da euskaraz hitz egiteko eta beste % 3,6 ulertzeko, eta langile publikoen % 86,8k hitz egiten du euskaraz. Baina erabilera-datuek diote Bergaran kale erabilera %42-45 ingurukoa dela eta Gipuzkoan 16 urtetik gorakoen % 39,5ek hitz egiten duela euskaraz. Badugu non hobetu, eta horretan lagunduko digu Euskaraldiak.

Aipatutako datuak eta Gipuzkoako eta Bergarako egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, Euskaraldia, aukera egokia dugu erakunde publikoek, eta, beraz, arduradun politikoek dagokigun erantzukizuna geure gain hartzeko eta eredugarritasunez jokatzeko, erabileran urrats berriak egite aldera. Horregatik guztiagatik, honako hau aurkezten dugu:

ERAKUNDE ADIERAZPENA

Bergarako Udalak honakoa adierazi nahi du:

• Bergarako Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.

• Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan.

• Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.

• Belarriprestok, gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

• Bergarako Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.

• Bergarako Udalak, udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

• Bergarako Udalak, bat egiten du ekimena Gipuzkoan elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin, lurralde mailako politika bateratu bati begira, ahalik eta udal gehienetan, mankomunitateetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Departamento: