Azaroaren hasieran erabilera desegokiak zirela-eta itxi ostean, Bergarako Udalak urrats erabakigarria eman du Azokako Txiki Txokoa berriro zabaltzeko bidean: gunea erabili nahi duten herritarrentzako izen-emate prozesua jarri du martxan. Neurri berriaren bidez, espazioaren sarbidea pasahitz sistema batekin arautuko da, baina Udalak argi utzi nahi izan du aldaketa horren helburua gunearen izaera komunitarioa eta irekia babestea dela, inola ere ez mugatzea.

Eredu komunitarioari eutsiz
Txiki Txokoaren filosofiak bere horretan jarraituko du. Herritarren topagunea izaten segituko du: haurrek euren erritmoan eta inork antolatutako programarik gabe jolasteko espazioa, eta guraso zein zaintzaileek elkar ezagutzeko, solasean aritzeko eta seme-alabak elkarrekin hazten ikusteko lekua.

Izen-ematea
Gunea behar bezala martxan jartzeko, Udalak lehentasuna eman dio erabiltzaileen erregistroari. Hortaz, ateak ireki aurretik, pasahitza eskuratzeko izen-emate epea zabaldu da. Behin eskaerak jaso eta sistema antolatuta, espazioa laster zabaltzea da Udalaren asmoa, datozen egunetan zehaztuko den data batean.

Interesdunek esteka honetan (https://bergara.eus/eu/node/22392) eman dezakete izena, eta behin izena emanda, gunea erabiltzeko pasahitza jasoko dute.

Udalak dei egiten die Bergarako familiei prozesuan parte hartzera, Txiki Txokoa berriro ere herriko haur eta familien elkargune bizia izan dadin.