Bergarako Udala-k Og, 2026-11-26 16:33-n bidalia
Guztira 70 eragilek sinatu dute Debagoieneko Harixa hitzarmena
Debagoieneko mankomunitateak eta bertako Udalek, Bergarako Udalak duela lau urte abiatutako Harixa ekimenari bide eman diote, lan munduan euskara sustatzeko ekimen kolektiboa bailarako enpresa eta eragile gehiagotara zabaltzeko.
Hortaz, gaur Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan Debagoieneko 70 eragilek sinatu dute hiru urterako konpromisoa jasotzen duen Harixa hitzarmena.
Oinarrizko lau konpromiso jasotzen ditu hitzarmenak:
· Enpresak HARIXA programarako solaskidea izendatzea eta langileei hitzarmenaren berri zabaltzea.
· Enpresako hizkuntza-egoeraren diagnostiko laburra egitea, talde teknikoak finkatutako ereduaren arabera eta haren laguntzarekin.
· Hitzarmen kideen arteko harremanetan euskara sustatzea eta gutxienez beste hitzarmenkideen euskarazko idatziak onartzea.
· Urterako egitasmoa zehaztea eta bertan, gutxienez, ekintza berri bat jasotzea.
Alabaina, oinarrizko konpromiso horiez gain, enpresa bakoitzaren egoera oso desberdina den neurrian, bestelako ekimenak ere aipatzen dira hitzarmenean. Hala nola, Lanbide Heziketako ikasleen egonaldiak euskaraz eskaintzea, langileei euskara ikasi edo praktikatzeko bideak eskaintzea, hizkuntza irizpideak finkatzea…
Entitate sinatzaileek bidelaguntza izango dute euren konpromisoak lantzerako orduan; hitzarmenak berak jasotzen baitu Debagoieneko mankomunitateak behar diren giza baliabideak jarriko dituela hitzarmenaren dinamizazioaz eta jarraipenaz arduratzeko.
Bide batez, gogorarazi dute, Harixa komunitatera batu nahi duten eskualdeko enpresa guztietara irekita dagoela ekimena, eta horretarako gogoa eta interesa duten enpresak www.harixa.eus webgunetik bertatik jar daitezkeela harremanetan egitasmoaren arduradunekin.

