Ibilbidearen mapa

Ibilaldi hau Deba arroa eta Urola arroaren artean dagoen mendizerratik luzatzen da. Bertan, interes arkeologikoa duen eremu baten zatia ikus daiteke. 16 kilometro luze da, eta 4 ordu behar dira osorik betetzeko.

Bergaran Elosurako bidea (Gi-3750) hartu eta Gorla parajera iristen garenean kantina berria errepidearen ondoan eskumaldera dagoena, ikusiko dugu. Bertan errepidea gurutzatu eta Elosura doan errepidearen pareko bidea hartu; zertxobait igo ondoren, jaitsiko gara, zabalgune lasai batera iritsiz; bertan Santutxuko baseliza (mapako 1 zenbakia) dago.

Hemen, Elosumendi eta Pol-Poletik pasatuz, Irukurutzetara doan bidea hartuko dugu. Bidea segi eta Labeaga baserria eskuman utzi ondoren aurrerago jarraitu eskumaldean asfaltatuta dagoen bidetik. Goraino igo baino zertxobait lehenago, bidearen ezkerraldean, Sorusaitza mendi tontorraren alboan dagoen Agerreburu trikuharria (mapako 2 zenbakia) aurkituko dugu.

Itzuli berriro bidera eta 30 m. jaitsi ondoren ezkerretara hartu eta han ikusiko dugun bideari jarraitu behar zaio. Bidea mendiek markatzen duten bana lerroaren ezkerretik doa; hortik segi. Hemendik beherantz jarraituz frantses baso' deritzan parajean sartuko gara; hemen alertze pinten artean aurkitzen da Maurketa tumulua (3 zenbakia) .

Tumulua utzi eta bordetara doan bidea jarraitu, borda eskumaldean utzi eta segi aurrera; Leiopago mendiaren IM magalean, gallurretik 400 bat metrora Keixetako-Egia Hegoaldekoa trikuharria (4 zenbakia) dago eta 100 m.ra iparraldera Keixetako-Egia Ifarraldekoa.

Bueltatu berriro utzitako bidera eta beherantz jarraitu, lepora iristerakoan hartu ezkerrera eta 300 bat metrora dago Pol-Pol (5 zenbakia) mendizale elkartekoek jasotako iturria. Gorantz jarraitu ezkero Irukurutzetako trikuharrira (6 zenbakia) heltzen gara.

Mendebalderantz Karakatera doan bidea hartu eta, 500 metrora edo, beste eraikuntza megalitikoa aurkitzen dugu: Kurutzebakar. Hemendik, 200 metrora, hego-mendebalderantz, Aizpuruko-Zabala trikuharria ikus daiteke.

Hala, ibilbidearen erdia egina dago. Bueltatzeko Soraluze eta Bergara arteko herrimugatik doan pista hegoalderantz jarraitu, zonalde lau batera heldu arte. Hemen, ipar-ekialdeko pista hartu eta jarraitu zoru guztietako ibilgailuentzat dagoen pistarekin topo egin arte. Honen bukaeran hasieran egin dugun bidera iritsiko gara. Honek kantinaraino eramango gaitu, hau da, ibilbidearen irteera tokiraino.


Interesguneak

Gorla leku aproposa famili giroan naturaz gozatzeko. Bertan Iturriberri eta Askaburuko atseden guneak daude.

Telebistako antenatik ifar-mendebaldera, 100 bat m.ra Agerreburuko trikuharria dago. Aranzadi, Barandiaran eta Egurenek trikuharri honetan zabalduriko kraterrean ganberaren bi harlauza ikusten dira. 1921eko indusketan giza-aztarnak eta zeramika zatiak jaso ziren. Azken hauekin posible izan zen ontzi oboideo txiki baten profila berreraikitzea. Garbiketa egin zenean harleunezko aizkora bat aurkitu zen.

Maurketa tumulua inguru honetan dauden bordetatik 79 metro HMra aurkitzen da. Eskuraturiko materialen artean zeharkako trunkadura duen trapezio asimetriko bat, harri beltzezko bi koilare-ale aurkitu ziren.

Keixetako-Egia Hegoaldekoa Trikuharria industu aurretik izan zen arakatua. Industaileek ganbarako hiru harlauza zutik eta beste bat, estalkirako, aurkitu zituzten. Materialen artean zeramika zatiak, harleunezko aizkora txiki bat, kirten hegaldun gezi-punta bat,... jaso ziren.

Atseden gune txiki bat bada Pol-Pol iturria izenekoa eta honen inguruan mahaiak. Hemen izen bera duen erreka sortzen da. Berau Bergarako ur-baliabide garrantzitsuena izan da orain dela gutxi arte.

Irukurutzeta trikuharria izen bereko mendiaren gailurretik ipar-mendebalderantz, 70 m.ra dago eta bakarrik trikuharri honen ganbarako harlauza gordetzen zuen industu zutenean. Urtero, maiatzaren lehenengo igandean erromeria ospatzen da, erromeria honek kutsu erlijiosoa omen zuen; kapelaren zintan gurutze bat zeramala Lezarrisoro baserriko agure zahar bat igotzen omen zen eta honekin batera jendea.

Inguruko beste aukera batzuk Elosu auzoa eta Neberetako elorzuloa dira.