Enviado por Bergarako Udala en Mié, 2017-04-26 14:11
Bergarako Udalak haur eta nerabeentzat eskaintza oparoa prestatu du uda honetarako. Iaz egin bezala, eskaintza bateratua izango da, baina berrikuntzak izango ditu. "Gure ustez, honela familiei informazioa modu zuzenagoan heltzen zaie eta udal mailan antolatzen diren ekintzen ikuspegi orokorragoa lortzen da honela", agertu du Izaskun Labaien Euskara, Gazteria eta Hezkuntza batzordeburuak.
Eskaintza guztia 6 multzotan banatuta dago;
- Udaleku irekiak
- Kanpamendu teknologikoak
- Kirol kanpaina
- Sormen tailerra
- Bibliopiszina
- Uretako indusketak
Multzo guztietan antolatutako jardueretan izena emateko epea dagoeneko irekita dago eta maiatzaren 12ra arte eman daiteke izena.
Udaleku irekiei dagokienez, azken urteetan egin den moduan Udalak Bergarako 2 eta 12 urte bitarteko neska mutikoen familiei eskaintzen dien aisialdi zerbitzua da. Haurrentzako aisialdi euskalduna eta hezitzailea eskaintzen da. Eta noski, dibertigarria. Udaleku irekiekin familia eta lana uztartzeko aukera ematen zaie Bergarako familiei. "Kontuan izan behar da azken urteotan udaleku irekien erabiltzaile kopuruak gorantza egin duela izugarri. 2013an 283 umek parte hartu zuten eta 2016an, berriz, 484 umek", agineratu du Labaienek.
Udaleku irekiak uztailaren 3tik 28ra izango dira 10:00-13:00 ordutegiarekin. Familiek, iaz egin zen bezala 3 edo 4 asteko udalekuak aukeratu ditzakete. Uztailaren 3tik 21era edo uztailaren 3tik 28ra.
Kanpamendu teknologikoak ere izango dira aurten iaz antolatu genituen lehenbizikoz eta izandako arrakasta ikusirik, eskaintza errepikatuko da. Tailer desberdinak prestatu dira baina helburua berbera: haur eta nerabeak teknologia eta zientziaren munduan barneratzea.
Bestetik, kirol kanpaina ere izango da. Haur, gazte zein helduentzako hamaika jarduera eskainiko dira, besteak beste, irristaketa, igeriketa, eskalada, tenisa, kros fit, dance hall edota ur jolasak. Hemen erei zango ditugu berrikuntzak;
Helduetan adibidez
· Nordik walking ibilaldiak egingo dira goizetan
· Jarduera ezberdinak ikastaro batean probatzeko aukera egongo da. Multi jarduera 1 eta multi jarduera 2 deitu diegu.
o Multi jarduera 1 ikastaroan, Xfit, jumpfit eta areto txirrinda ekintzak egingo dira.
o Multi jarduera 2 ikastaroan, body balance eta pilathes egingo dira.
Haur eta gazteetan aldiz;
· Gazteen artean Dance Hall ikastaro eskainiko da. Modako dantza ikastaroa izango da.
· Ur jolasak eskainiko ditugu. Bertan uretan egin daitezkeen kirol eta jolas ezberdinak landuko dira. Arratsaldez izango da igerilekuan.
· Gazte txapelketak aurtengo urtean bi asteko iraupena izango dut eta bakarrik frontenis eta padel txapelketa egingo da. 2 pertsonako taldeak izango dira. Irabazleek kirol materiala lortu ahal izango dute sari bezala.
Izen emateei dagokienean, aurten ez da zozketarik egingo. Salbuespen bakarra, igeriketa eskolako hasiberrien lehen mailan, “zapaburuetan” izango da. Bertan, oraindik, plaza zozketa egingo da.
Udako ekintzetarako izen-ematea jadanik zabalik dago. Beraz, interesa duen edonork Agorrosinen eman dezake izena eta argibide gehiago behar izanez gero, www.agorrosin.net helbidera korreo bat idatzi edo 943 777 095 telefonora dei dezake. Eta, nola ez, Agorrosin bertan ere.
Era berean, udaran irakurzaletasuna sustatzea ere nahi dugu eta horregatik, helduentzako eta haurrentzako zerbitzua eskainiko du Liburutegiak Agorrosingo estali gabeko igerilekuetan. Horrela, ekainaren 26tik uztailaren 21era arratsaldero 15:00etatik 18:00etara bitartean, erabiltzaile guztiek liburuak maileguan hartzeko aukera izango dute eta erreserbak eta eskaerak bideratzeko gunea ere topatuko dute Agorrosinen.
"Aurtengo berrikuntza nagusiena, Sormen tailerra izango da. Urte hasieran ideia lehiaketa jarri genuen abian, eta bertan, haurren aldetik, komedia eskola bat sortzeko proposamena jaso genuen. Ideia oso ona iruditu zitzaigunez, udako eskaintzan ideia horretatik abiatutako proiektua eskainiko dugu lehenbizikoz. Gainera, Udalean, udako eskaintzan hutsune bat zegoela somatu zen iaz, sormenari dagokionez ez zegoela lanketa berezirik ikusirik. Honela, Sormen tailerra haurren sormena bere osotasunean lantzeko tailer bat da: ahozko adierazpena, inprobisazioa, gorputz adierazpena, arte plastikoak… 2 astez, uztailaren 10etik 21era bertan parte hartzen duten 10-12 urte bitarteko gazteek antzezlan bat sortuko dute, bertarako behar dituzten elementu guztiak ere beraiek sortuko dituzte (testuak, erropa, atrezzoa, etab…) eta bukaeran antzeztu egingo dute", agertu du .
Azkenik, uretako indusketa arkeologikoa ere izango da uztailaren 12an. 2007 eta 2009 urte bitartean jaiotako gazteei zuzenduta egongo da eta bertan, duela ehunka urte hondoratu zen Uluburu itsasontziaren ur azpiko indusketa arkeologikoa egingo da. Beraz, itsasontziaren historia ezagutzeaz gain, primeran pasatzeko aukera izango dute partaideek.
"Ikus dezakezuen bezala eskaintza ugaria eta oparoa. Haur, gazte zein helduei zuzendutako ekintzak antolatu dira udako egunetan ondo pasatu ahal izateko Bergaratik irten gabe. Kirola, ondarea, kultura, teknologia… arlo guztietako ekimen ugari izango dira. Udal sail desberdinek elkarlanean egindako eskaintza oso interesgarria eta erakargarria delakoan gaude eta Bergararrak parte hartzera animatzen ditugu", amaitu du Agirrek.