Ondo pasa eta gozatzeko helburua izaten dugu beti festetan, eta hori espero dugu Bergarako San Martin jaietan ere. Baina ez edozein modutan. "Bergararren arteko elkarbizitza, errespetua eta aniztasuna oso garrantzitsuak dira Udal Gobernuarentzat eta egunerokotasunean ez ezik, festa egunetan are garrantzia gehiago dute. Hiru oinarri horiek aintzat hartuta, herritarren lana eta esfortzua aitortu eta emakumeen presentzia bermatuko dugu sanmartinetan", agertu du Elena Lete alkateak gaurko prentsaurrekoan. Hala, Ramon Etxaniz Bergarako txistulariari omenaldia eskainiko zaio irailaren 16an. Bergarako musika, dantza eta txistuaren bultzatzaile sutsua izan da urte luzez eta aurten erretiroa hartuko duenez, merezitako aitorpena egitea erabaki du Udalak. "Hazi txiki bat utzi du eta ureztatu eta zaindu behar dugu", gaineratu du alkateak.

Herritarren partaidetza handitzea ere Udalaren asmoetako bat da, festetan ere. Honela, Bergara Bizirekin batera, eta herriko merkataritza sustatu nahian, San Martin azoka egunean 4 saltokik postua jarriko dute (Titarak mertzeria, Larrañaga goxotegia, Mujika burdindegia eta Gisasola burdindegia). Gainera, azoka eta postu hauek Oxirondon ezarriko dira, izan ere, "Oxirondo berpizteko lanean ari gara urte osoan zehar eta festa egun hau bultzada handia emateko aukera paregabea dela uste dugu".

Bestetik, emakumeen presentzia kirol arloan bermatzeko pausoekin jarraitzen dugu eta emakumeen eta bertako edota inguruko pilotarien aldeko apustua egin dugu. Bergarako Pelota Elkartearekin batera, eskupelota eta pala partidak jokatuko dira 18an Udal pilotalekuan. 

Maite Agirre Kultura zinegotziak aurtengo festetan izango den partaidetza nabarmendu nahi izan du; "Alkateak esan bezala, parekidetasuna, errespetua eta elkarbizitza gakoak dira. Baina aurtengo festek badute beste ezaugarri nabarmen bat; izan ere, inoizko festa parte-hartzaileenak izango dira. Danborradan adibidez, 340 lagunetik gora hartuko dute parte, 3 talde berri izango baititugu; Lokatza, Demasa eta gazte talde bat. Indartzen eta haunditzen doa. Entseguak hasi dira dagoeneko eta haurren eta helduen danborrada bikainak izango ditugunaren dudarik ez dugu", azaldu du.

Gainera, beste hainbat berrikuntza ere izango dira sanmartinetan:

  • Txosnagunea Munibe plazan kokatuko da aurten lehendabizikoz Xaxau Konpartsaren eskutik. Herri bazkaria ere bertan egingo da eta horretarako txartelak berehala jarriko ditugu salgai Bule, Depor eta Arrano tabernetan. Txartelak 8 eurotan salduko dira eta entsalada, albondigak eta postrea egongo dira sartuta. Edaria bakoitzak berea eraman beharko du.

  • Elkarteen arteko I. Berakatz-zopa lehiaketa ere antolatu dugu, 2 ikastaro ere prestatu dira; etxerako botikina eta kontserbak egitekoa, saskibaloi taldearen aurkezpena eta xake txapelketa, musika klasikoaren zikloko Kea Ahots taldearen kontzertua... hamaika ekintza daude eta eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dira.

SAN MARTIN JAIETAKO EGITARAU OSOA, hemen; smegitaraua_2016.pdf

 

 

Departamento: