Bergarako Udalak Labegaraieta auzoko kirolgunea eta bere inguruko aisialdi eremuaren erabilera definitzeko parte-hartze prozesua martxan jarri du eta atzo egin zen lehen bilera, Labegaraietako kiroldegian bertan. Auzokideak, kirol taldeetako ordezkariak eta bestelako herritarrak joan ziren atzoko bilerara, orotara adin-tarte guztietako 40 bat lagunek parte-hartu zuten Emun aholkularitzak dinamizatutako bileran. Parte-hartzaileek egindako bisita gidatuan kiroldegiaren eta inguruko aisialdirako gunearen egungo egoera, guneak ematen dituen aukerak eta dauzkan mugak ezagutu ahal izan zituzten.

Auzokideek, kirol taldeek eta, oro har, bergararrek aisialdirako dituzten beharretatik abiatuta eta sormen-dinamiken laguntzarekin, bertaratutakoek Labegaraietako kiroldegia eta aisialdi gunea eraberritu eta berrantolatzeko ideiak sortu eta proposatu zituzten, adibidez: biltegian Txiki-park bat egitekoa, kanpoko pistak estaltzekoa, kanpoaldean adinekoentzako gimnastika-makinak jartzekoa edota bizikletak alokatzeko gunea sortzekoa.

Udalak uztailaren 8ra arteko epea eman die bergararrei Labegaraietarako proposamenak egiteko, eta herritarrek hiru bide izango dituzte beren ideiak Udalari helarazteko: udal webgunean link honetan, eta Agorrosinen eta Labegaraietako kiroldegiko tabernan egongo diren orrien bidez.

Udalak ideia horiek guztiak bideragarri diren ala ez aztertuko du eta uztailaren 20an Labegaraietan egingo den bigarren bileran aurkeztuko ditu bideragarri diren ideiak, herritarrek lehentasunak jar ditzaten.

Departamento: