Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2015-09-29 14:39
Atzo arratsaldean egin zen osoko bilkuran, kontuhartzailetza eta hirigintza arloetako zenbait proposamenez gain, ondorengo gaiak landu ziren:
1.Debagoieneko Mankomunitateko batzorde informatzaileetarako ordezkarien izendapenak
Mankomunitateko bost batzorde informatzaileetarako udal ordezkariak onartu ziren: Ingurumen batzordean, Jose Ignacio Arregi Urkizu izango da Bergarako Udaleko ordezkari; Hondakinen Bilketa eta Balorazio batzordeko kide Lander Arregi Inchausti; Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Turismo batzordean ordezkari lanetan Sabino Azkarate Leturia arituko da; eta, bai Barne Antolamendu eta Pertsonal batzordeko eta baita Kontu eta Ogasun batzordeko kide ere, Juan Jesus Alberdi Landa alkatea izango da.
2.Kaleratzeak Stop Desahucios plataformak aurkeztutako mozioa, hurrengo plenoan erabakitzeke
Bizi dugun krisi ekonomiko eta langabeziaren ondorioz, etxebizitza hipotekak ordaindu ezin eta beraien etxeetatik kaleratuak izan daitezkeen familien egoera zuzentzeko, Kaleratzeak Stop Desahucios plataformak zortzi puntuko mozioa aurkeztu zuen. Aukeztutako puntu horietako batean aipatzen dena legez kontrakoa dela aipatu zuen Idazkariak eta, testuan moldaketak eta zehaztapenak egite aldera, hurrengo plenorako uzteko proposamena onartu zen.
3.Talidomida medikamentuaren ondorioz kaltetuak izan diren pertsonei babesa ematea
AVITE elkarteak talidomidaren biktimei babesa emateko aukeztu zuen mozioa onartu zen atzokoan. Mozio honen bidez, Udalak erabateko babesa adierazten die talidomidaren biktimei; Alemaniako Grünenthal enpresari medikamentu honen ondorioz kaltetuak izan diren pertsonei kalte-ordainak ematea eskatuko dizkio; talidomidaren kaltetuak zeintzuk izan daitezkeen edo ez erabaki dezala eskatzen dio Espainiako Gobernuko presidenteari eta kaltetuei bizi guztirako pentsioak ematea, gainontzeko herrialdeetan bezalaxe; eta, azkenik, Udalak AVITE elkarteari, Grünenthal enpresari eta Espainiako Gobernuari mozio honi dagokion akta bidaltzea onartu zen.
4.Siriako eta inguruko herrialdeetako errefuxiatuen inguruko adierazpen instituzionala aho batez onartu zen
Alderdi guztiek onartutako adierazpen instituzionalean, Siria eta inguruko herrialdeetatik ihes egiten duten pertsonei eta Europan bizitza berri bat hasi nahian dabiltzan errefuxiatuei prestutasuna adierazten die Udalak, Bergarako herria “hiri aterpe” deklaratuz. Era berean, Europar Batasuneko kide diren estatuei modu aktiboan, elkartasunez eta justizia humanitarioz erantzuteko eskatzen die Udalak eta elkarte ezberdinen elkarlana beharrezkotzat jotzen du sortzen diren beharrei behar bezala erantzuteko. Amaitzeko, errefuxiatuen krisiari aurre egiteko eta eraginkortasunez erantzuteko gainerako euskal erakundeekin eta hirugarren sektorearekin sarean lan egiteko konpromisoa hartzen du Udalak.
5.Bergarako Udala ere Emakumeen Mundu Martxarekin bat
Udalaren izenean alderdi guztiek aho batez onartutako adierazpenean Emakumeen Mundu Martxari babesa ematea eta bere esku dauden baliabideekin berdintasunaren alde lan egiteko eta neurriak hartzeko konpromisoa onartu ziren.