Atzo, uztailak 27, ohiko udalbatza egin zen Udalean eta bertan landutako gaien artean, besteak beste, Estatuko Abokatuak “Euskal preso eta iheslariak etxera” zapia zintzilikatzeagatik Udalari jarritako auzi errekurtsoaren gainean alkateak eginiko proposamena eta Laboratorium gizarte museorako dohaitzak onartu ziren. 

Udalak “amore eman” behar izan dio Estatuko Abokatuak jarritako errekurtsoari

“Euskal preso eta iheslariak etxera” zapia zintzilikatzeagatik Estatuko Abokatuak Bergarako Udalari ezarritako errekurtsoaren aurrean amore ematea onartu zen atzokoan. Halaber, Udal Gobernuak argi utzi nahi izan zuen “neurri honekin, Bergarako Udalak demokratikoki eta adierazpen askatasunaren eskubideak babesturik hartutako erabakia urratzen dela”. 

Hona hemen Udal Gobernuak adierazitakoa:

Gaur egun, Euskadin garai politiko berri bat bizitzen ari gara, bakean, berdintasunean, erabakitzeko eskubidean, bizikidetza aniztasunean… baina hau lortzeko guztion elkar lana beharrezkoa da. 

Gobernu Ordezkaritzak hartutako erabaki honek ez dio inondik inora Euskadiren normalizazio politikoari laguntzen eta adierazpen askatasunaren aurka doa. Izan ere, neurri honekin, Bergarako Udalak demokratikoki ta adierazpen askatasunaren eskubideak babesturik hartutako erabakia urratzen duelako.

Halaber, Euskal presoen eskubideak defendatzea eta beraien bizitokietatik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzea aldarrikatzeak, zigor legeriak esaten duenarekin bat dator, ta legedi hori betetzea besterik ez du eskatzen.

Guzti honen aurrean, honakoa adierazi nahi dugu: euskal presoen eskubideak aldarrikatzeak gaur egun indarrean dagoen legea betetzea besterik ez da; bakea, elkarbizitza, bizikidetza eta herritarren eskubideen alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu; Udala, erakunde demokratiko gisa, edozein gairen aurrean bere iritzia eta jarrera adierazteko aukera eta eskubidea babestuta izan behar ditu; eta, aldarrikapen demokratikoak debekatzeak, konponbidearen bide askea oztopatzen dute, horregatik ez dugu bat egiten auzitegiaren erabakiarekin.

Laboratorium gizarte museorako dohaitzak

Laboratorium gizarte museoak izango duen erakusketa iraunkorrean Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ekarpena ezagutzera ematea ezinbestekotzat jo zuten museoko udal teknikariek eta, horregatik, 2014ko abenduan hainbat objektu maileguan eskatu zitzaizkion elkarteari.

Horrela, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako Sailak hiru objektu utzi dizkio Bergarako Udalari gordailu gisa eta objektu horiek kontserbatzeko lanen truke. Objektuak elkartearen jabetzakoak dira eta behar ez dituen bitartean museoan egongo dira ikusgai.

Era berean, urteetan Errege Seminarioaren bildumako zientzia instrumentuak errestauratzen ibili den Artemis errestaurazio etxeko Giorgio Studerrek, XX. mendearen hasierako MEYER entziklopediaren dohaintza egin dio Udalari. 1905 eta 1911. urte bitartean argitaratutako entziklopedia alemaniarra da eta 24 alez osatuta dago: MEYERS brokes Konverlations Lexikon. Bibliographilches institut Leipzig und Wien Stav. (1905-1911).

Entziklopediako 24 aleak Laboratorium gizarte museoko liburutegian gordeko dira eta bertako lan taldeak adierazi duenez, “oso egoera onean dagoen bilduma da; bertan XIX. mendeko zientzia bildumaren inguruko informazio baliagarria aurkitu dugu, eta gainera, museoko liburutegia osatzeko elementu aprobetxagarria izan daitekeela uste dugu”. Hemendik aurrera, beraz, Laboratoriumeko liburutegian egongo da eta entziklopediako aleren bat publikoki erabiltzen denean, aleen jatorria zein den adieraziko da.

 

Departamento: