Herritarrek maiatzaren 9az geroztik bisitatu dezakete baina igande honetan goizeko 11:30ean egingo da irekiera ekitaldi instituzionala Olaso Dorreko lorategian.

Olaso Dorreko lorategia herriko ondarearen zati garrantzitsua da eta bertan dagoen magnoliak Eusko Jaurlaritzaren aparteko zuhaitz izendapena du.

Udalaren helburua Bergarako ondarea herritarrei eta turistei hurbiltzea da, “bertako ondare natural eta kulturala ustiatuz eta ikusgai jarriz”. Sarritan, ordea, ondarea jabetza pribatukoa da eta ez dago Udalaren esku erakusteko moduan egotea.

Horregatik, pasa den urtean Udalak eta Olaso Fundazioak hitzarmena sinatu zuten lorategiko ateak egunez zabalik egoteko, nahi duenak bisitatu ditzan.  Era berean, lorategia kanpotik ikustea oztopatzen zuen landare-hesia ere kendu zen, besteak beste.

Gainera, Udaleko lorezaintza zerbitzuak lorategiko garbiketa, diseinu eta zaintza lanak egiteko ardura du, hemendik aurrera, magnoliarenak izan ezik. Horrela, azken hilabeteetan belardia konpondu eta landaredia atondu da. Lan horiek guztiak eginda, herritarrek eta turistek lorategia egunez bisitatzeko aukera izango dute aurrerantzean.

Lorategiaren jatorrizko diseinua berreskuratzea helburu

Udaleko hainbat sail elkarlanean -lorezaintza zerbitzua eta artxiboa, nagusiki-, lorategiaren gaineko ikerketa egiten ari dira lorategiak sorreran zituen diseinua eta itxura berreskuratzeko eta, aldi berean, magnoliaren biziraupena bermatzeko.

Olaso Dorreko lorategia, balio handiko ondarea

Bertan, ondare natural eta kulturalaren parte diren hiru elementu esanguratsu daude ikusgai:

Jesusen Lagundiaren Armarria. Errege Mintegia Jesuiten eskola zen garaikoa eta 1767an kanporatuak izan zirenean fatxadatik kendutakoa. XVII eta XVIII. mendeetako Jesusen Lagundiaren ikastetxetik gelditzen den arrasto aberatsena.

Armarri Heraldikoa. XVII. mendearen azken bukaera aldekoa, barroko garaikoa, Jesuiten armarriaren gainean kokatuta dago.

Magnolia zuhaitza. Lorategiaren bukaeran kokatuta, Eusko Jaurlaritzak aparteko zuhaitz izendatu zuen 1995ean eta ofizialki babestuta dago.

 

Departamento: