Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2015-03-17 15:28
Bergarako, Antzuola eta Elgetako gazteak edo langabezian dauden ikasketadun pertsonak bi hilabetez gune batean bildu eta formazioa, hausnarketa eta proiektugintza uztartzea da programa honen xedea.
Bergarako Udalak, Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiak eta Olatukoop sareak elkarlanean koordinatu eta antolatu dute. Apirilaren 30ean aurkezpen saioarekin emango zaio hasiera ikastaroari eta uztailak 2ra arte iraungo du. Izena emateko epea zabalik dago apirilaren 12 arte.
Ekintzailetasun soziala sustatzea xede
Krisiaren eraginez, ziklo historiko berri batean gaude eta molde berriak behar ditugu etorkizuna eraikitzen hasteko. Horregatik, Udalak gazteen artean ekintzailetasuna sustatzeko programa hau antolatu du.
Bi hilabetez gaur egun bizi ditugun gizarte aldaketen inguruan hausnartuko da, tokiko garapenaren paradigma azalduko da eta ekintzailetasun sozial eta komunitariorako erremintak ezagutuko aukera izango da.
Aldi berean, ekonomia sozial eta solidarioko esperientzia arrakastasuak ezagutzeko eta bisitatzeko parada egongo da eta ideia berrien sormena landuko da, ekimen eta negozio aukera berriak landu asmoz.
Metodologia
Ikastaroak bi zati nagusi izango ditu. Batetik, gizarte aldaketen eta Tokiko Garapenaren inguruko formakuntza teorikorako espazio bat eskainiko da eta, bestetik, hazitegi bat, ideia berrien sorrerarako espazioa izango dena. Hazitegian Euskal Herriko eta kanpoko esperientziak ezagutzeko eta bisitatzeko aukera izango da.
Informazio saio irekia
Martxoaren 23an, arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara, Errekalde Jauregiko Laboratorium museoan informazio saio bat izango da zalantzak argitzeko eta proposamenak jasotzeko.
Ikastaroaren inguruko informazioa www.berrekinberregin.com helbidean aurki daiteke eta galderaren bat izanez gero, 608710764 telefonora deitu edo berrekinberregin@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.