Enviado por webmaster en Mar, 2026-09-22 08:36
Bergarako Udalak eta Bergarako Adinekoen Kontseiluak hainbat jarduera antolatu dituzte Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira. Egitaraua irailaren 21ean hasiko da eta urriaren 2ra arte luzatuko da, eta adineko pertsonen parte hartzea, aisialdia, kultura eta bizi proiektuaren inguruko hausnarketa uztartuko ditu.
Bergarako Adinekoen Kontseiluak Bergarako adineko pertsonak ikustarazi, gizarte justuago baten alde egin eta adinekoen eskubideak eta esperientzia eta jakituria aprobetxatzeko helburua dauka.
Egitaraua herritar guztiak kontutan hartuta prestatu da, baita ere egoitza eta eguneko zentroetan dauden adineko pertsonak, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu antolatutako ekintza desberdinetan parte hartzera.
Aurtengo programazioan arreta berezia eskainiko zaio adinean aurrera egin ahala nola eta non bizi nahi dugun hausnartzeari. Gai hori izango da, hain zuzen ere, egunotan egingo diren erakusketa eta hitzaldiaren ardatza.
Egitaraua irailaren 21etik 27ra San Joxepe Jubilatuen Elkartean ikusgai egongo den Nola eta non bizi nahi dut bizitza osoan? erakusketarekin hasiko da.
Bestalde, irailaren 24an, 16:30ean, Oxirondo azokan, TAUN-TAUNen eskutik adineko pertsonei zuzendutako txotxongilo tailerra egingo da.
Hurrengo egunean, irailaren 25ean, 20:00etan, Seminarixoan, amaHiru antzerki konpainiaren ETXEA antzezlana ikusteko aukera izango da.
Irailaren 28an bi hitzordu izango dira. Eguerdiko 12:00etan, Munibe plazan, Duintasuna elkarteak aldarrikapen ekintza berezia egingo du.
Arratsaldean, berriz, 17:30ean Irizar Jauregian, Non eta nola bizi nahi dut? hitzaldia eskainiko du Andrea Pozok, Matia Fundazioko kideak. Hitzorduak adinean aurrera egin ahala norberak nola eta non bizi nahi duen hausnartzeko aukera eskainiko du.
Hurrengo egunean, irailaren 29an, 17:30ean, Mizpirualde egoitzan, dantzak hartuko du protagonismoa, Asier Castrorekin egingo den dantzaldi irekiarekin.
Urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Egunean bertan, ekitaldi aldarrikatzailea egingo da 17:00etan, Boni Laskurainen. Aldarrikapen bateratuaren irakurketarekin hasiko da hitzordua, eta ondoren pintxo-potea eta dantzaldia izango dira.
Egitarauari amaiera urriaren 2an emango zaio. 20:00etan Seminarixoan, La Maquiné konpainiak Estación Paraíso txotxongilo ikuskizuna eskainiko du.
Egitaraua:
• Irailak 21-27: Nola eta non bizi nahi dut bizitza osoan? erakusketa, San Joxepe Jubilatuen Elkartean.
• Irailak 24, 16:30: adineko pertsonentzako txotxongilo tailerra, Oxirondo azokan. TAUN-TAUN.
• Irailak 25, 20:00: ETXEA antzezlana, Seminarixoan. amaHiru antzerki konpainia.
• Irailak 28, 12:00: Duintasuna elkartearen aldarrikapen ekintza berezia, Munibe plazan.
• Irailak 28, 17:30: Non eta nola bizi nahi dut? hitzaldia, Irizar Jauregian. Andrea Pozo, Matia Fundazioa.
• Irailak 29, 17:30: dantzaldi irekia Asier Castrorekin, Mizpirualde egoitzan.
• Urriak 1, 17:00: aldarrikapen eguna, Boni Laskurain 9an. Aldarrikapen bateratuaren irakurketa, pintxo-potea eta dantzaldia.
• Urriak 2, 20:00: Estación paraíso txotxongilo emanaldia, Seminarixoan. La Maquiné konpainia.

