Enviado por webmaster en Vie, 2026-07-17 14:51
Unai Azkarate bergararraren Gure paisaia eraikitzaileak collage-serieko bost lan oroigarri jasoko dituzte Alkateen Mugimenduan parte hartu zuten bost alkate ohiek igandean Bergaran Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. Urteurrena gogorarazteko ospatuko den ekitaldi instituzionalean, herrigintzaren, memoriaren eta konpromiso kolektiboaren aitortza gisa.
Ekitaldian, besteak beste, Alkateen Mugimenduan parte hartu zuten bost alkate ohiri omenaldia egin nahi zaie, herriaren eta euskal gizartearen eraikuntzan egindako ekarpena aitortuz. Horretarako, Bergarako sortzaile Unai Azkaratek bereziki sortutako bost collage oroigarri jasoko dituzte.
Azkaratek aurkeztutako Gure paisaia eraikitzaileak izeneko seriea bost collagek osatzen dute. Lan multzo honek paisaiaren ideia hartzen du abiapuntu, baina paisaia fisikotik harago doa: komunitatearen, memoriaren eta bizikidetzaren eraikuntza kolektiboari buruzko hausnarketa proposatzen du. Hala, lanak egilearen begiradatik sortuak badira ere, belaunaldi desberdinen arteko topagune izateko bokazioa dute.
Seriearen izenak berak adierazten duen moduan, collageek paisaien eraikuntza dute gai nagusi. Kartoiak, koloretako kartulinak, egunkari zatiak eta spray bidez sortutako aztarnak dira lanen oinarri materiala. Elementu xume horien arteko elkarrizketatik abiatuta, artistak bere hizkuntza plastiko propioa garatzen du, forma, kolore eta testuren bidez mezu kolektibo bat eraikiz.
Kolorea da lan hauen ardatz nagusietako bat. Erabilera kontziente eta positiboaren bitartez, collageek indarra, bizitasuna eta eraikitzeko gogoa transmititzen dituzte. Bereziki esanguratsuak dira sprayarekin sortutako tantak; grabitatearen norabideari aurre egiten dioten keinu horiek mugimenduaren, ekimenaren eta herrigintza kontziente baten sinbolo bihurtzen dira.
Bost artelanek, beraz, oroigarri izaera dute, baina ez iraganari soilik begiratzen dioten objektu gisa. Aitzitik, etengabe eraikitzen ari den paisaia sozial eta kultural baten lekuko dira. Horregatik, Alkateen Mugimenduan parte hartu zuten alkate ohientzako opari gisa aukeratu dira: herri baten etorkizuna eraikitzeko konpromisoaren, elkarlanaren eta memoria partekatuaren adierazgarri direlako.
Unai Azkarate (Bergara, 1980) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bergarako Beart artisten elkarteko kidea da, eta Euskal kulturaren transmisioarekin konpromiso handia duen sortzailea. Marrazketa irakasle lanarekin batera, hainbat musika taldetan eta arte erakusketa kolektibotan parte hartu du, bere jardun artistikoa diziplina eta adierazpide ezberdinen arteko elkarrizketan garatuz.
Gure paisaia eraikitzaileak seriearen bidez, Azkaratek paisaia ez ezik, memoria, kolorea eta komunitatea eraikitzeko gonbita egiten du; eta, oraingoan, gonbidapen hori Alkateen Mugimenduan parte hartu zuten lau alkate ohien ibilbidea eta ekarpena aitortzeko baliatuko da.

