Enviado por webmaster en Lun, 2026-06-29 11:14
Ekainaren 28a memoria, aldarrikapen eta ospakizunerako eguna da. Gaur, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde egindako borroka aitortzen dugu, eta gure gizartea bidezkoagoa, askeagoa eta anitzagoa izan dadin urteetan zehar lanean aritu diren pertsona eta kolektibo guztiei aitortza egiten diegu.
Hala ere, eraso LGTBIQ+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo askotan, eta diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira. Gorroto-diskurtsoak, estigmatizazioa eta lortutako eskubideak zalantzan jartzen dituzten jarrerak berriro ere indarra hartzen ari dira. Ondorioz, gure bizitzak arriskuan daude.
Sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik gertatzen diren erasoek eta indarkeriek presente jarraitzen duten honetan, antolatzen eta borrokatzen jarraitzea ezinbestekoa dugu, lortutako eskubideetan atzera pausorik ez egoteko eta lorpenetan aurrera egiten jarraitzeko. Eraso horiek ez dira gertakari isolatuak; bazterkeria normalizatzen duten diskurtso eta egitura sozialen ondorio dira.
Era berean, ezinbestekoa da begirada intersekzionala izatea. Diskriminazioak ez du modu bakarrean eragiten, eta ez die pertsona guztiei berdin eragiten. Gurutzatzen gaituzten faktoreak askotarikoak dira. Sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gorputzak beste egoera batzuekin uztartzen dira sarri: arrazakeriarekin, pobreziarekin, etxerik ez izatearekin, haurtzaroarekin, aniztasun funtzionalarekin, gaixotasun psikikoarekin edo bestelako bazterketa egoerekin.
Horrek esan nahi du ez dela gauza bera LGTBIQ+ pertsona izatea laguntza-sare bat, egonkortasun ekonomikoa edo aitortza soziala izanda, edo prekaritatean, bakardadean edo diskriminazio anitzen erdian bizitzea. Euskal Herrian ere bizi dira LGTBIQ+ pertsonak zaurgarritasun, desberdintasun edo ikusezintasun egoeretan. Besteak beste, egoera administratibo irregularrean dauden migratuak, kale egoeran bizi diren pertsonak, espazio heteronormatiboetan bizi diren adinekoak edo aniztasun psikikoa duten gazte LGTBIQ+ak.
Pertsona batzuek zailtasun handiagoak dituzte enplegua eskuratzeko, etxebizitza bat lortzeko edo osasun-arreta jasotzeko. Beste askok ez dute espazio segururik aurkitzen, edo ezin dute beren identitatea lasaitasunez bizi espazio publikoan. Horregatik, Harrotasunaz hitz egiten dugunean, eskubideez ere ari gara. Eta pertsona guztientzako bizi-baldintza duinez. Inork ezkutatu beharrik izango ez duen gizartea eraikitzeaz ari gara. Inork bere burua justifikatu edo
beldurrez bizi beharrik izango ez duen gizartea.
Udal honek konpromisoa berresten du aniztasuna, berdintasuna eta askatasuna defendatuko dituzten politika publikoak sustatzeko. Horretarako, beharrezkoa da ikuspegi feminista eta intersekzionala txertatzea udal jardunean, diskriminazio egoerak identifikatzea eta desberdintasunak murrizteko neurri eraginkorrak garatzea.
Horregatik guztiagatik, Ekainaren 28 honetan berriro aldarrikatzen dugu aniztasuna ez dela onartu beharreko salbuespen bat. Eta berresten dugu pertsona guztiek, beren sexuorientazioa, genero-identitatea edo genero-adierazpena edozein dela ere, duintasunez, askatasunez eta beldurrik gabe bizitzeko duten eskubidea. Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko.

