Bergarako Udalak 2026ko udarako bi musika ziklo aurkeztu ditu: Berumuga eta Usondoko kontzertuak. Bi egitasmoek askotariko estiloak eta kalitatezko proposamen musikalak ekarriko dituzte herrira, uztaila osoan zehar, aire libreko kulturgintza indartzeko helburuarekin.

Berumuga: musika beltza eta nazioarteko doinuak Espoloian

Bestalde, Berumuga zikloak lau kontzertu ekarriko ditu uztaileko ostiraletan, 22:00etan, Espoloian:

  • Uztailak 3: Koko-Jean & The Tonics: Soul eta rhythm & blues estiloko talde indartsua, ahots boteretsu eta energia handiko zuzenekoarekin.
  • Uztailak 10: Jackie Venson: Estatu Batuetako artista nabarmena, blues, rock eta funk estiloko gitarra-jole eta abeslaria, nazioartean ospe handia lortu duena.
  • Uztailak 17: NF Soul Station: Soul, funk eta groove doinuak uztartzen dituen banda, publikoarekin konektatzeko gaitasun handikoa.
  • Uztailak 24: Maria Carbonell Blues Mood: Bluesa ardatz duen proposamena, sustrai klasikoak eta ukitu garaikidea uztartzen dituena, ahots eta interpretazio sendoarekin.

Usondoko kontzertuak: hiru proposamen berezi Seminarioan

Usondoko kontzertuak zikloak hiru emanaldi eskainiko ditu, guztiak 22:00etan eta Seminarioan (eguraldi txarra egonez gero bertan):

  • Ekainak 27: Txuma Murugarren: Txuma Murugarrenek ibilbide luzea du euskal musikagintzan, Sasoi Ilunak taldeko kide izandakoa eta gaur egun bakarkako ibilbidean murgilduta.
  • Uztailak 9: Moonshine Wagon: Moonshine Wagon Gasteizen sortutako heavy-bluegrass taldea da, nazioartean ibilbide oparoa egin duena, soinu akustiko bizi eta festa girokoa eskaintzen duena.
  • Uztailak 18: Bea Asurmendi: Bea Asurmendik, berriz, Asteartea lehen diskoa aurkeztuko du, jazza, folka eta hainbat hizkuntzatako kantuak uztartzen dituen proposamen intimo eta garaikidea.

Zikloen aurkezpenean, Aitor Narbaiza zinegotziak adierazi duenez, “kulturak komunitatea eraikitzeko duen indarrean sinesten dugu, eta ziklo hauek horren adibide argia dira. Berumuga Bergaran errotuta dagoen ekimen kulturala da, eta urte hauetan guztietan herriko zein kanpoko sortzaile eta ikusle ugari elkartu ditu. Urtez urte hazi eta eraldatzen jakin duen zikloa da, baina bere nortasunari eutsiz: nazioarteko zein etxeko musika proposamenak ekartzea, eta eguneroko programazio komertzialean ohikoak ez diren estiloei lekua egitea”.