Enviado por webmaster en Mié, 2026-06-24 09:46
Bergarako Udalak 2026ko San Martin feriari begirako deialdiak jarri ditu abian, Oxirondo plazan egingo den azokako elikagaien salmenta-postuak eta odoloste dastaketa txosnaren ustiapena adjudikatzeko.
Tokiko produktuen feria, irailaren 12an
Aurtengo San Martin feria 2026ko irailaren 12an (larunbata) egingo da, Oxirondo plazan, 9:30etik 14:30era. Gehienez 48 postu jarriko dira, horietatik 46 elikagaien salmentarako (barazkiak, frutak, gazta, ogia, kontserbak, eztia edota urdaitegiko produktuak, besteak beste) eta bi landare apaingarrientzat.
Feriaren barruan barazki, fruta eta gazta lehiaketak ere egingo dira, eta lehiaketan parte hartzen dutenek lehentasuna izango dute postu bat eskuratzeko.
Feriaren helburua bertako nekazaritza eta elikadura arloko ekoizleak ezagutaraztea da, haien jarduera eta produktuen kalitatea balioan jarriz. Era berean, inguruko ekoizleek eskaintzen duten produktu eta ekoizpen aniztasun zabala erakutsi nahi da, tokiko sektorearen aberastasuna eta balioa agerian jarriz.
Helburu horri lotuta, aurten Bergarako Udalak feriara etorriko diren barazki eta fruta ekoizleen dietak egokitu ditu, sarirako eman izan den diru kopurua modu ekitatiboan banatuz, ekoizle guztien lana onartu asmoz. Sari ekonomikorik egongo ez den arren lehiaketak aurrera jarraituko du urtero bezala eta Garai-ikur bata banatuko da.
Izena emateko epea zabalik
Postua eskuratu nahi duten ekoizleek dagoeneko aurkez dezakete eskaera. Horretarako epea 2026ko ekainaren 24tik uztailaren 9ra izango da.
Eskaerak udal www.bergara.eus webgunean eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez egin beharko dira, eta beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu: identifikazio agiriak, jarduera ekonomikoaren frogagiriak, osasun eta higiene baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, besteak beste.
Parte hartzean lehentasuna izango dute Bergarako eta Debagoieneko ekoizleek, baita tokiko produktuak edo ekoizpen ekologikoa lantzen dutenek ere.
Odoloste txosna: herriko taldeentzat aukera
Bestalde, udalerriak urtero bezala odoloste dastaketa txosnaren ustiapena ere adjudikatuko du. Ekimen honen bidez, Bergarako harategiek emandako odolosteak eskaini eta, aldi berean, herriko irabazi asmorik gabeko elkarteek diru-sarrerak lortzeko aukera izango dute.
Txosnaren ustiapena ere irailaren 12an izango da, eta bertan odoloste pintxoak saldu beharko dira gehienez 3 euroko prezioan (edariekin), edo 1,5 eurotan edaririk gabe.
Deialdi honetara aurkezteko epea ere 2026ko uztailaren 9ra artekoa da, eta eskaerak Bergarako irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkeztu ahal izango dituzte www.bergara.eus webgunearen bitartez.

