Bergarako Udalak onartu ditu 2027ko Udal Egutegia osatzeko argazkiak aurkezteko deialdiaren oinarriak. Urtero bezala, egutegia herriko argazkizaleen lanekin hornitu nahi da, eta azken urteetako ildotik jarraituz, aurten ere aurkeztu beharreko argazkien gaia librea izango da.

Argazkiak aurkezteko aukera izango dute Bergaran jaio diren, bertan bizi diren edo Bergararekin lotura duten herritarrek. Aurkeztutako irudiak Bergaran ateratakoak izan beharko dira edo, gutxienez, Bergararekin lotutako elementuren bat jaso beharko dute, hala nola bertako paisaiak, pertsonak edo bestelako motiboak. Bergararekiko lotura argirik ikusten ez den kasuetan, argazkiek lehentasun txikiagoa izan dezakete aukeraketa-prozesuan, nahiz eta azken erabakia epaimahaiak hartuko duen.

Egile bakoitzak gehienez 25 argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak formatu digitalean entregatu beharko dira, 20 x 30 cm-ko tamainan, 300 ppp-ko bereizmenean eta JPG formatuan. Artxiboak CD edo USB bidez aurkeztu ahal izango dira Udaleko Euskara Zerbitzuan, edo bestela posta elektronikoz bidali ahal izango dira euskara@bergara.eus helbidera, artxibo handiak bidaltzeko plataformaren bat erabilita (tori.eus, WeTransfer edo antzekoren bat).

Egutegiaren formatuari jarraituz, argazkiek nagusiki formatu etzana izan beharko dute, nahiz eta formatu bertikalean ateratako argazkiekin osatutako multzo horizontalak ere onartuko diren. Argazkiak aurkezteko azken eguna 2026ko irailaren 25a izango da.

Aukeraketa prozesuan genero ikuspegia kontuan hartuko da, eta ahalegina egingo da egutegian agertzen diren irudietan emakumeen eta gizonen presentzia ahalik eta orekatuena izan dadin.

Egutegian erabiltzeko hautatutako argazkiak ordaindu egingo dira. Era berean, aukeratutako lanak Bergarako Udal Artxibategian jasota geldituko dira, eta Udalak horiek erabili ahal izango ditu etorkizunean, betiere egilearen izena aitortuta. Argazkilariaren ardura izango da, bere argazkiekin lotuta beharrezko baimenak eskuratu behar izanez gero, horiek lortzea; argazkiak aurkezteak baimen horiek lortuta daudela ulertzea ekarriko du. Argazkien aukeraketa Bergarako Udalak izendatutako lantalde batek egingo du.