Enviado por webmaster en Mar, 2025-11-25 09:31
Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu Indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.
KOMUNITATEAk beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza ere eskaini. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake.
Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi.
Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.
Horregatik Bergarako Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:
• Bergarako Txoko Feminista martxan jartzea eta emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egiteko gune erreferente bihurtzea. Horretarako, Txokotik indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeak elkartzeko guneak bultzatuko dira; eragileren arteko sareak sortzea sustatuko da; eta indarkeria-egoeran dauden emakumeen eta gazteen beharrei erantzuteko zerbitzuak eskainiko dira, betiere zerbitzu horien ikuspegi komunitarioa zainduz.
• Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz. Horretarako loturak sortuko dira Gizarte Zerbitzuen eta Txoko Feministaren artean.
• Jai- eta aisialdi-eremuetan indarkeria matxista prebenitzeko eta aurka jarduteko protokoloaren garapenarekin jarraitzea. Protokoloaren batzordea deitzea eta jai eremuetan martxan jartzen diren baliabideak ikuspegi komunitariotik birpentsatzea.
• Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan. Gizonekin antolatzen ari garen tailerrekin jarraitzea, indarkeria matxistari erantzuteko orduan duten erantzukizunean sakontzeko eta maskulinitate-eredu berriak zabaltzeko.
• Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko mugimendu feministarekin elkarlanean.
• Harreman parekidetarako programarekin jarraitzea Bergarako ikastetxe guztietan.
· Udalak konpromisoa hartzen du Berdintasun Saila gizarte-zerbitzuetatik kanpo kokatu eta sail propio gisa egituratzeko. Helburua berdintasun-arloko politikak indartu, ikusgarri bihurtu eta dagokien garrantzia ematea da.
· Bergaran indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakundeen arteko koordinazio eta arretarako tokiko protokolorako baliabideak aktibatzen jarraitzea, ebaluazio eta berrikuspen egokiak egiteko ikuspegi feminista batetik. Baita protokoloaren mahai politikoa eratzeko, erakunde desberdinen konpromisoan sakontzen jarraitzeko.
• Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko.
Era berean, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indar-keria ezabatzeko nazioarteko egunean, haien udalerrietan deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.

