Enviado por webmaster en Mié, 2025-10-01 11:33
Bergarako Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten uztailean, bergararron hizkuntza eskubideak defendatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko helburuz. Hitzarmenari esker, herritarrok euskararen erabileraren eta hizkuntza-eskubideen inguruan izan ditzakegun zalantzak argitzeko, eta zorionak edo kexak aurkezteko aukera izango dugu ‘Euskararen Telefonoa’ (943 77 91 29) erabilita, eta Udalak eta Behatokiak elkarlanean jardungo dute, horiei erantzuteko.
Bi erakundeek elkarrekin jardungo dute, euskararen erabilera bermatu dadin eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuak izan daitezen.
Bide batez, Bergaran hizkuntza eskubideen inguruko sentsibilizazio lana egiteko aukera emango du hitzarmenak.
Kexak, zorionak edo zalantzak aurkezteko modua
Hainbat modu izango ditugu herritarrok gure kexak, zorionak edo zalantzak aurkezteko.
• Alde batetik, Bergarako Udalaren webgunearen bitartez, “Euskararen Telefonoa” atalean klik egin eta inprimaki digitala beteta.
• Bestetik, Whatsapp bidez, 943 77 91 29 telefonora mezua bidalita (telefono finkoa den arren, Whatsapp mezuak bidaltzeko aukera ematen du), edo telefono-zenbaki horretara deituta.
Lankidetza-hitzarmenaren aurkezpena eta hitzaldia
Urriaren 9an, osteguna, 18:00etan, Irizar jauregian, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak eta Ane Albisu Bergarako Udaleko Euskarako zerbitzuburuak hitzarmenaren nondik norakoak azalduko dituzte.
Ondoren, euskararen egoerari, euskal hiztunon eskubideen eta urraketen inguruko hitzaldia egingo du Gaubekak.