Enviado por webmaster en Jue, 2025-09-25 09:35
Bergarako Udalak ikasturte berriari zaintza ardatz estrategiko gisa hartuta ekingo dio, udal gobernuak ikasturte politiko berriaren hasieran adierazi duenez. Gobernu taldearen arabera, zaintza ez da soilik zerbitzu publikoen antolaketa izango, baizik eta bizitza komunitarioaren antolaketa, harremanak, espazioak, hizkuntza, kultura eta bizikidetza zaintzea. Ikuspegi horretatik, udal gobernuak arlo guztietan zaintza ekosistema bat ehuntzen jarraituko du, Bergara bizigarriago bat eraiki asmoz.
Gorka Artola alkateak adierazi duenez, “zaintza ekosistemaren ikuspuntua lantzen eta barneratzen jarraitu nahi dugu. Horren esan nahi du, zaintza, zaintzaileak eta zainduak erdigunean jartzea. Horretarako, bergarar guztion laguntza beharko dugu”.
1. Herritarren arloa: Zaintza ekosistemaren ikuspuntua lantzen eta barneratzen jarraitu nahi dugu. Horrek esan nahi du, zaintza, zaintzaileak eta zainduak erdigunean jartzea.
- Adineko pertsonak erdigunean: Adinekoen Kontseilua indartzen jarraituko da, haien parte hartzea eta ahalduntzea sustatuz. Kontseiluarekin batera lan ildoak zehaztuko dira, eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko proiektuak garatuko dira herri mailan zein bailara mailan.
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua: Ereduaren azterketa sakonean murgilduta dago Udala, zerbitzua egokitzeko eta hobetzeko asmoz.
- Departamenduaren bulego berriak: Herriko plazan kokatuko dira, herritarren arreta hurbilago eta irisgarriagoa izateko.
2. Haurrak eta nerabeak: Adineko pertsonak bezala, zaintzari lotuta erdigunean jarri nahi diren beste herritar batzuk haurrak eta nerabeak dira, etorkizuneko Bergararen oinarria izango baitira.
- Haurren parte hartze kanal iraunkorra diseinatu eta martxan jarriko da, Herri Hezitzailearen ikuspegitik. Aurreko ikasturtean definizio lanetan aritu dira udal ludotekarekin eta Oinherri-rekin.
- Nerabeen ongizate emozionala: Gaztelekua, kale heziketa zerbitzua eta zerbitzu psikosoziala koordinatuko dira, ongizate emozionala lantzeko. Mahai espezifiko bat sortuko da lan-talde guztien arteko elkarlana bideratzeko.
3. Hezkuntza: Kulturartekotasuna eta segregazioaren aurkako lana sustatuko dugu, hezkuntza sistemaren bidez berdintasuna, elkarrizketa eta bizikidetza erdigunean jarriz eta jatorri, hizkuntza eta kultura ezberdinen arteko errespetua eta elkarrekintza bultzatuz.
-
Kulturarteko mahaia sortu da, eta ikasturte honetan ekintza plana martxan jarriko da. Jarduera esanguratsuen artean daude:
- Nerabeen harrera plana
- Kulturarteko jaia, aniztasuna ospatzeko eta komunitatea sendotzeko.
4. Kirola: Ongizatea, inklusioa eta komunitate lotura. Aipatzen ditugun kanal horiek zaintzea eta elikatzea garrantzitsua izango da, eta, bide hori jarraituz, beste kanal batzuk diseinatu eta ireki nahi ditu Udalak:
- Eskola kirola: Kalitatezko eskaintza bermatzeko baliabideak aztertuko dira. Saioak egiteko leku estali baten beharra aztertuko da, eta hezkidetza eta indarkeriaren prebentzioa sustatuko da.
- Familien inplikazioa: Eskola kirolaren eredua azalduko zaie familiei, eta gatazkak komunikatzeko kanalak indartuko dira.
- Kirol elkarteekin komunikazio egonkorra: Egitura iraunkor bat sortuko da, elkarrekintza eta koordinazioa bermatzeko.
- Inklusio programa bereziak: Emakumeen taldeak (trail running, eskalada, txirrindularitza…) eta emakume migranteekin jarduera fisikoa sustatuko da.
- Osasun sarearekin elkarlana: Jarduera fisikoa eta ongizatea lotzen dituen ikuspegia garatuko da.
5. Kultura: Arnasguneak eta topaguneak bultzatuko ditugu, Bergara justuago bat eraikitzeko bidean, herritarren parte-hartzea sustatuz, sormen adierazpideak babestuz eta belaunaldi ezberdinen arteko elkarrizketa erraztuz.
- Arrizuriaga: Kultura topagune bezala garatzen ari da, elkarte, eragile eta norbanakoen arteko elkargune izateko. Uda ostean parte hartze prozesua berraktibatuko da, eta funtzioak zehaztuko dira.
- Laboratorium museoa: Ezagutza zientifikoaren arnasgune gisa finkatuko da. Sare inklusibo berritzailea ehuntzea da helburua, egoera zaurgarrian dauden kolektiboekin eta erakundeekin elkarlanean. Aurten, gainera, 10. Urteurreneko ekitaldi ezberdinak ospatuko dira
6. Euskara: Zaintzen duen herri bat dela esaten dugunean, zaindu behar dugun beste puntu bat da Bergara euskararen arnasgune izaten jarraitzea:
- Euskararen errefortzu programak indartuko dira haur eta gazteen gaitasuna sendotzeko.
- Gazteen aisialdian euskararen presentzia bermatzeko, BKE futbol taldearekin elkarlanean proiektu integral berria martxan jarriko da.
- Mundu digitalean euskararen presentzia: Puntu.eus, ikastetxeak eta elkarteak elkarlanean arituko dira euskarazko webguneak sortzeko.
- Harixako enpresetan hizkuntza-teknologiak aztertuko dira, eta langile berrientzako harrera gida partekatua sortuko da.
- Merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatuko da ekimen berriekin.
- Euskararen historia soziala jasoko da Badihardugu elkartearekin elkarlanean, Bertakotzen programaren bidez.
7. Hirigintza eta ingurumen jasangarritasuna: Erronka guzti hauei aurre egiteko, zaintzen duen herri bat eraikitzen joatea ere ezinbestekoa izango da. Horrek esan nahi du irisgarriagoa izango dela:
- Bidegorri sarea: 4. faseko obrak martxan daude, eta Antzuolarekin lotura egingo duen azken fasea urte amaieran lizitatuko da.
- Seminarioko patioaren erabilera berriak zehazteko prozesua abiatuko da.
- Alde zaharrean oinezkoei lehentasuna emateko sistemak aztertzen ari da Udala.
- Energia jasangarritasuna: 5 instalazio fotovoltaiko jarriko dira martxan, LED argiteria eta kontsumo eraginkortasuna sustatuko da. Ibilgailu elektrikoentzako 3 karga puntu aztertzen ari dira.
- Lur ez urbanizagarrien kudeaketa plana eta Pagola-Loidi eremuko plan berezia garatuko dira.
- Itsasmendiko proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean garatzen ari da.
- Bergara Gune Tentsionatu izendatzeko lanketan ari gara, ondoren etxebizitza politika eraginkorrak martxan jarri ahal izateko.
8. Auzoak: Bergara bere osotasunean ulertzeko saiakera horretan, erdigunetik haratago, auzoak ere erdigunean jarri beharko ditugu.
- Auzo ordezkariekin bilerak hilean behin egingo dira, beharrak jasotzeko eta erantzunak emateko.
- San Juango zubia konponduko da, 12 baserrietako sarbidea seguruago egiteko.
- Herri bideak konponduko dira Angiozar, Elusu, Elorregi eta Basalgon.
- Boluko ezponda egonkortuko da.
- Txuringo taberna berrituko da, eta herritarrei zuzendutako bulego bat jarriko da 2026an.
- Angiozarko memoria proiektuak: tumuluak garbitu eta ikusgarri jarriko dira, eta trintxera bat berreskuratuko da.
9. Berdintasuna eta bizikidetza: Zaintza justizia sozialaren ikuspegitik
- Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak indartuko dira: eragileen prestakuntza, koordinazioa, datuen txostenak eta etengabeko hausnarketa.
- Emakumeen arteko sareak eta jaietako protokoloak garatuko dira.
- Txoko Feminista garatu Arrizuriaga jauregian, eragile eta norbanakoen arteko elkargune feminista izateko. Uda ostean parte hartze prozesua berraktibatuko da, eta funtzioak zehaztuko dira.
- Hezkidetza programa berriak garatuko dira, LHn ere txertatuz.
- Sexu eta genero aniztasunaren diagnostikoa egingo da.
- Antiarrazakeria politikak finkatuko dira, bitarteariekin harremanak sendotuz.