Enviado por webmaster en Mié, 2025-09-10 09:47
Duela urtebete ireki zen Elikaenea Bergaran, Oxirondo azoka biziberritzeko asmoz. Urte honetan zehar, herritarren harrera oso positiboa izan da, bai kontsumo aldetik, bai sortu diren aukera berriengatik. Herri-proiektu honek bertako elikadura sistemak indartzea eta herritarren, ekoizleen zein merkatarien beharrei erantzutea du helburu.
Elikaeneak elikadura arloko etorkizuneko erronkei heltzeko bide berriak zabaldu ditu. Kontsumo ohituren aldaketak kontuan hartuta, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko zubi lana eta koordinazioa funtsezkoak izan dira egitasmoaren garapenean.
“Azokek erronka ugari dituzte gaur egun: belaunaldi erreleboa, gobernantza eredu berriak, eta kontsumoaren bilakaera. Bergaran, erronka horiei aurre egiteko, egiteko moduen aldaketak bultzatzen ari gara, eta Elikaenea horren adibide argia da”, adierazi du Ainhoa Lete alkateordea.
Aipatzekoa da gainera, Bergarako ereduak sortu duen interesa, inspiragarri eta baliagarri izaten ari baita beste lekuetan. Aipatzekoa da, besteak beste Kataluniatik, Durangaldetik, Aiaraldeatik… Elikaenea ezagutzeko egin dituzten bisitak.
Bere aldetik, Aitziber Plazaolak nabarmendu duenez, “Azoka biziberritzeko bidea hasi baino ez da egin. Asko izan dira urtebete honean antolatu diren ekintzak: herritarrentzat sukaldaritza tailerra, dastaketak, ikastaro ezberdinak, gazteentzako Gaztetxef lehiaketa, Goienarekin elkarlanean telebista saioa, ikastetxeekin elkarlana, besteak beste”.
Elikadura burujabetza ardatz, herri mailan bi lan eremu ditugu martxan: azokako batzordea eta elikadura mahaia.
Azokan bertan dauden bestelako zerbitzu eta eragileekin egindako elkarlana ere balioan jarri dute Udalak eta Elikaeneak.
Iraila hastearekin batera, dinamika eta zerbitzu guztiak berriz martxan daude:
• Bertako ekoizleen elikagai eskaintza zabala egunero dendan eta sukaldean.
• Eguaztenero, “Eguaztenak Oxirondon” dinamika: ekoizleen azoka eta sukaldaritza zuzenean.
• Jantoki eta ikastetxeetako hornikuntza gunea.
• Zapaturoko azoka, merkatari eta ekoizle guztiekin.
Ikasturte hasiera eta udazkena nobedade ugarirekin dator:
• Verdury Hall festa urriaren 11n (zapatua).
• Ikastaroak eta tailerrak udazkenean.