Enviado por webmaster en Lun, 2025-06-30 11:59
Bergarako Gaztelekua eta Ndank Ndank elkartea elkarlanean ari dira kulturartekotasuna ardatz duen esperientzia berezi bat antolatzen: 2009an jaiotako herriko gazte batzuek Senegalera bidaia egiteko aukera izango dute 2026ko uztaila hasieran.
Ekimen hau ez da ohiko bidaia bat izango. Helburua, ikasketa prozesu oso baten parte izatea da. Izan ere, bidaia aurretik eta ondoren, parte hartzaileekin lanketa hezitzailea egingo da, kulturartekotasuna, migrazioak eta elkarrengandik ikastea bezalako gaiak jorratuz. Horrela, Bergaran hasitako bideari –eskolan landutako kulturartekotasun saioak, "Miñan" liburuaren irakurketa edota antzezlanen bidez egindako hausnarketak– jarraipena eman nahi zaio.
Proiektua Bergarako Gaztelekuak eta Ndank Ndank elkarteak antolatzen dute, eta Bergarako Udalak babesa emango dio.
Gazteei eta euren familiei proiektuaren xehetasun guztiak emateko, informazio bilera bat antolatu da:
Uztailaren 2an (asteazkena)
11:30ean
Irizar jauregiko 3. pisuan (Euskaldunberri aretoa)